Historiaurreko tresnen erreplikak egiteko lehiaketa jarri du abian Hezur Museoak

Barren 2024ko ira. 16a, 19:06

Historiaurreko tresnen milaka erreplika egin ditu Jose Julian Marquezek azken hogei urteotan, eta Hezur Museoan ikus daitezke horietako asko. Herritarrei eskaini nahi die orain erreplikak egiteko aukera, Historiaurreko tresnak egiteko antolatu duen lehiaketarekin.

Marquezek urriaren 12an eta 13an ospatuko du erreplika egiten hasi zeneko 20. urteurrena, eta egitarau osoa antolatu du bi egunetarako. Historiaurreko gaietan adituak diren lagunak ekarriko ditu Elgoibarrera, EHUko irakasle Mikel Agirre, sua egiten aditua den Edu Gordo edota historiarreko margoetan aditua den Saul Fernandez, besteak beste. Historiaurreko kontuen gainean ikasteko aukera emango duten ekitaldiak prestatu ditu, baina parte hartzeko aukera izango dute gerturatzen direnek, ehizarako tresnak erabili edo sua egitea, esaterako. (egitaraua beherago) 

 Lehiaketa abian

 Historiaurreko tresnen erreplika egiteko lehiaketa bat ere antolatu du Hezur Museoaren sortzaileak. "Izan daiteke margolan bat, eskultura bat, silexa erabiliz eginiko tresna bat, ehizarako erreminta bat hezurrarekin, egurrarekin edo beste materialen batekin eginikoa...", zehaztu du Marquezek lehiaketara aurkeztu beharreko lanen inguruan, eta parte hartzera eta sormena lantzera animatu ditu herritarrak, bereziki gaztetxoenak. Parte hartu nahi dutenek izena eman behar dute watsapp mezu bat bidaliz 650 353 566 zenbakira, izen-abizenak eta adina zehaztuz, eta urriaren 3a baino lehen eman behar dute izena.
 
 20. urteurreneko egitaraua
 Urriak 12

  • 10:30-11:30 Ateak irekitzeko ekitaldia Hezur Museoan
  • 11:30-12:30 Historiaurreko gizakiek egiten zituzten harrizko tresna eta objektuen lanketaz hitzaldia, EHUko irakasle Edu Agirreren eskutik.
  • 16:00-19:00 Aurrehistoriarekin lotutako ekimenak, ikusle guztientzat
     - Historiaurreko erara sua egiteko tailerra Edu Gordorekin
    - Historiaurreko margoketa saioa Saul Fernandezekin
  •  17:00 "Egin zure historiaurreko tresna" lehiaketako lanak entrenatuko dituzte parte hartzaileek eta ikusgai jarriko dituzte.
  • 18:30 Lehiaketaren sari banaketa

 
 Urriak 13

  • 11:00 Historiaurreko ehiza tresnen erakustaldia Idotorbeko zelaietan (*eguraldi txarra badago bertan behera lagako dute eta Hezur Museoa irekiko dute)
     

Sarrera berritua

Hogeigarren urteurrena ospatzeko Hezur Museoko sarrera berritu eta apaindu du Jose Julian Marquezek. Horretarako, Actus Reus taldeko grafitigilei eskatu zien laguntza, eta haiek eginiko marrazkia dago orain museoko sarreran.