Kultur Etxeko areto nagusian izango da bilera, 18:30ean.
Bilerara 2013. eta 2016. urteen bitartean jaiotako neska-mutilen familia guztiak daudela gonbidatuta jakinarazi dute Sanlotik. Familiekin egingo duten batzarrean, Eskubaloi Eskolaren funtzionamendua, ordutegiak, programazioa eta landuko dituzten balioak azalduko dizkiete, hala nola, talde-lana, diziplina, errespetua eta ahalegina. "Eskubaloia kirol zirraragarria izateaz gain, bide ezin hobea da txikienek beren trebetasun fisikoak, sozialak eta emozionalak gara ditzaten", adierazi du Sanloko presidente German Telleriak.
Haurren kirol-garapena eta garapen pertsonala nola planifikatzen dituzten erakutsiko dute, guraso eta familiek izan ditzaketen zalantzak argituz. "Gure helburua da etorkizun hurbilean eskubaloi jokalari izan faitezkeen horiek motibatzea, haien ongizatea eta hazkundea sustatuko dituen esperientzia aberasgarri bat sortuz", Telleriaren berbetan.
Sanlok 2008-09 denboraldian sortu zuen Eskubaloi Eskola, gaztetxoenak kirolera, bereziki eskubaloira, hurbiltzeko asmoz. Harrezgero hazkunde handia izan du ekimenak eta azken 15 urteotan 400etik gora neska-mutil igaro dira eskolatik, eta badira senior taldeetara arteko ibilbide osoa egin dutenak ere dagoeneko.