Lizagasar Sagartokiko upategi berria inauguratu zuten eguerdian, eta arratsaldean jokatu zuten Lizagasar erronkaren bigarren edizioa, joan den irailaren 7an. 27 lagunek hartu zuten parte, tartean hiru emakumek.
Gizonezkoetan, Iñaki Goenaga iazko irabazlea jarri zen lasterketa buruan hasieratik, baina gertutik segika izan zuen Iñigo Lariz. Azkenean, Lariz izan zen lehena 50:36 denborarekin, eta Goenaga bigarren lekuan helmugaratu zen 53:05 denbora eginda. Urko Lozano izan zen hirugarrena, 55:15 denborarekin. Sari banaketa egin aurretik polemika bati soluzioa eman behar izan zioten epaileek, izan ere, Iñigo Larizek akats bat egin zuen ibilbidean. Bi minutuko zigorra jarri zioten, baina hala ere, berak jantzi zuen lasterketako irabazle absolutuaren txapela.
Emakumezkoetan Alazne Lozanok irabazi zuen 1:14:45 denborarekin. Pilar Arriola bigarren lekuan iritsi zen 1:17:14 denbora eginez, eta Laura Cid izan zen hirugarrena, 1:46:02 denborarekin.