BocaBeats Comediak umorea eta beatboxa uztartuko ditu Maalan emango duten saioan

Barren 2024ko ira. 12a, 11:15

BocaBeats Comediak umorea eta beatboxa uztartuko ditu Maalan emango duten saioan.

Aski ezaguna da sareetan BocaBeats Comedia taldeak egiten duen umorea, jarraitzaile andana baitu umorezko bakarrizketak eta beatbox saioak nahasten dituen Bilbo aldeko bikote honek.
 
Ivan Pérez derioztarrak eta Aitor Vidaurreta bilbotarrek, -Iván Ivenían eta Aitor Majo izen artistikoz- osatzen dute BocaBeats Comedia taldea.
 
Bariku honetan, irailaren 13an, Maalako parkeko eszenatokian emango dute beatbox-a komediarekin nahasten duen saioa, Malape tabernak antolatuta. 19:30ean hasiko da emanaldia eta ordubeteko iraupena izango duela azaldu dute Malapekoek. Elebietan izango da, euskaraz zein gaztelaniz, eta euskal abestiak kantatuko dituzte, gehienbat, euren ukitu bereziaz. 
Perez eta Vidaurreta 2007an hasi ziren BocaBeats egitasmoarekin. Herriko festetan eta tabernetan hasi ziren emanaldiekin eta jarraitzaile ugari lortu dituzte euren umorea sareetan zabaltzen hasi zirenetik, egun ia 150.000 jarraitzaile dituzte Instagram sare sozialean duten kontuan. Telebistara ere egin zuten salto, ETB1eko Gure kasa saiora edo El Hormigero saiora, esaterako.