Literatura, antzerkia, zinema, ikus-entzunezkoak, dantza, arte plastikoak nahiz beste arte diziplinetan aritzen diren sortzaileei lagundu nahi die Udalak, izan proiektuak bakarkakoak nahiz taldean sortutakoak. Hori bai, proiektuak 2024ko ekitaldian gauzatu behar dira, eta bat etorri behar dute Herritarren Batzordearen helburuekin. Elgoibarko kultur bizitzan parte hartzea eta udalerriko artisten, elkarteen, enpresen eta partikularren arteko lankidetza sustatzea du helburu batzorde horrek.
Elgoibarren erroldatuta dauden edo herrian jaio diren pertsonek edo toki-erakundeek eskatu ahal izango dute beka, eta eskatzaileek 18 urtetik gorako izan behar dituzte eskabidea aurkezten duten egunean. Eskabideak aurkezteko epea 2024ko urriaren 8an amaituko da, eta udalaren webgunean eskuragarri dauden zerbitzu telematikoen bidez aurkeztu behar dira, eskatutako dokumentazioarekin batera: betetako eskabidea, aurrekontu xehatua, eskatzailearen IFZ/IFK, eta beste egiaztagiri batzuk.
Udaleko zerbitzu teknikoek ebaluatuko dituzte beka lortzeko aurkeztutako eskaerak, irizpide hauek kontuan hartuta: proiektuaren kalitate artistikoa, bideragarritasun ekonomikoa, euskararen erabilerari egindako ekarpena eta genero-ikuspegia txertatzea. Balorazio-prozesua bi fasetan egingo dute: lehenengoan, 90 puntu emango dituzte gehienez, proiektuaren kalitatean eta haren ezaugarrietan oinarrituta, eta, bigarrenean, eskatzailearen curriculum vitaea baloratuko dute, gehienez ere 10 puntu gehituta.
Onuradunek 2025eko urtarrilaren 10era arte izango dute proiektuaren justifikazioa aurkezteko, obra paperean eta formatu digitalean, Jabetza Intelektualean erregistratu izanaren egiaztagiria (hala badagokio), eta lana egin dela frogatzen duen dokumentazio grafikoa edo ikus-entzunezkoa barne, Udalaren babesarekin, behar bezala islatuta.
Informazio gehiagorako deitu Kultura Sailera (943 742 158) edota kontsultatu Elgoibarko Udalaren webgunea: elgoibar.eus.