Irrisarrilandera irteera antolatu du Morkaikok, mendi bizikleta gainean trebatzeko

Barren 2024ko ira. 11a, 10:42

Nafarroako Baztan-Bidasoa zonaldean, Igantzi herrian, dagoen abentura parkea da Irrisarriland, eta mendi bizikleta zaleentzako ere eskaintza zabala dauka, freeride eta enduro klaseak ematen hasi zen lehena izan baitzen inguruotan.

Morkaikok BTT irteera antolatu du urriaren 12rako Irrisarriland parkera. "Asmoa da Elgoibartik 08:00etan irtetea eta eguna Irrisarrilandeko Bike parkean ematea, bizikleta gaineko teknikak ikasi eta praktikatuz, han dituzten dirt track eta pump track ibilbideak probestuz", azaldu dute.

Irteera mendi bizikletan ibiltzera ohitua dagoen edonorentzako modukoa dela zehaztu dute, eta 55 euroko prezioa izango du (65 euro Morkaikoko bazkide ez direnek. Prezioan, Bike Parkerako sarrera, bazkaria eta garraioa sartuta daude. Autoetan joango dira Igantziraino. Asegurua eta materialaren alkilerra, norberak ordaindu beharko du, beharren arabera. Mendiko bizikletan federatu gabekoek segurua kontratatu beharko dute; 8 euroko kostua du.

Hamabost lagunentzako lekua dago irteeran eta urriaren 4ra arte eman daiteke izena, online.

Informazio osoa morkaiko.eus webgunean