Sokamuturra antolatu dute urriaren 6rako

Barren 2024ko ira. 10a, 13:09

Sokamuturra zaleak zorioneko dira, Elgoibarko Udalak sokamuturra saio bat antolatu baitu ohikoa ez den sasoirako.

 San Bartolome jaietako sokamuturretan aritzeko lau ganadutegik eman zuten izena eta horietako bat, jaietan aritu ez zen Saka ganadutegia, izango da urriaren 6an, domeka, zezen eta bigantxak kalean askatuko dituena. Dianaren ostean, King-Kong-etik hasiko da urriko sokamuturra hori, 08:00etan, eta 10:45ak arte iraungo du, ohiko lekuetan.

Sokamuturraren ostean hasiko da Errosaroko Amaren ezpata-dantza.


Udal eraikinetako balkoietatik ikusteko aukera

Azken sanbartolomeetan estreinakoz egin zuten moduan, udal eraikinetako balkoietatik jarraitu ahal izango dute sokamuturra izena ematen duten herritarrek. Interesdunek irailaren 15era arte eman ahal izango dute izena (HEMEN), egun hori barne. Izena emandako guztien artean zozketa egingo dute, irailaren 16an. 
Zozketa irabazi duen pertsona bakoitzak lagun bat eraman ahal izango du sokamuturra ikustera (ez dituzte zenbatuko urtebete baino gutxiagoko haurrak, baldin eta besoetan eramaten badira). Hala, sokamuturra Udaletxetik ikusteko hamabost pertsona aukeratuko dituzte (30 plaza), eta Kultur Etxetik ikusteko, bost pertsona (hamar plaza). Aukeratuei posta elektronikoaren bidez jakinaraziko diete, eta egunean Udaletxeko edo Kultur Etxeko sarreretara joan beharko dute, NANa aldean dutela. 
Sokamuturra Kultur Etxetik ikusi behar dutenek 7:45etarako egon beharko dute bertan; eta, Udaletxeko balkoitik ikusi behar dutenek, berriz, 9:00etarako.