Gipuzkoako Itzulia: Elgoibarko etapa Laia Boschentzat eta sailkapen orokorra Katherine Sheridanentzat

Barren 2024ko ira. 9a, 14:54

Elgoibarren amaitu zuten atzo Emakumeen Gipuzkoako Itzuliaren laugarren edizioa. Guztira 160 bat txirrindulariko tropela aritu da lehian: Junior, 23 urtez azpiko eta elite mailan hamalau talde, eta kadeteetako hamasei.

Gipuzkoako Txirrindularitza Federazioak antolatuta, laugarren emakumezkoen Gipuzkoako Itzulia jokatu dute barikutik domekara bitartean Gipuzkoako errepideetan. Gipuzkoako Itzulian 60 bat kadete, 40 bat jubenil, eta 23 urtez azpiko eta elite mailakoak 30na txirrindulari lehiatu dira. Itzulia 1,8 kilometroko erlojuz kontrako saio batekin hasi zuten barikuan,  Urnietako kaleetan. Bigarren etapa zapatuan jokatu zuten Ordizian. MERU taldeko Leire Almena izan zen azkarrena.
Hirugarren eta azken etapa Elgoibaren hasi eta bukatu zen atzo, domeka. Arriaga industrialdea eta Bergara arteko errepideetan lehiatu ziren txirrindulariak. 23 urtez azpiko eta elite mailakoek hiru itzuli eman behar zizkioten, 94 kilometroko ibilbidea osatuz. Nagusien artean, Massi Baix Ter Women`s Team taldeko Laia Bosh Ballus iritsi zen aurreneko postuan Mintxetako helmugara, 2 ordu, 40 minutu eta 20 segundoko denbora eginda, 35,1 kilometro orduko batez-bestekoarekin. Irabazlearengandik bi segundora sartu zen helmugan Olatz Marquet Ferran (Team Zatika Bike) eta bost segundora Katherine Sheridan (Tenerifebikepoint-Laserdebicycl) txirrindulari estatubatuarra. Hain justu, Sheridanek irabazi du itzulia, hiru etapetan erregularrena izan eta gero. Claudia Sanchez Massak (Tene) eskuratu du bigarren postua sailkapen orokorrean, Sheridanengandik 26 segundora; eta, Maite Urteagarentzat (Eule) izan da podiumeko hirugarren lekua, 32 segundora. Taldeka Massi Baix Ter Women`s Team izan da onena, eta sailkapeneko lehen gipuzkoarrak, Maite Urteagak, eskuratu du mendiko sailkapena.

Txirrindulariak Mintxetako helmugara iritsi aurreko azken aldapa pikoa hasten. BARREN

Juniorretan, Alonsorentzat etapa eta Revelorentzat itzulia

Junior mailako txirrindulariek 57,5 kilometroko ibilbidea osatu zuten Elgoibarren hasi eta bukatu zen etapa erabakigarrian eta Anayet Alonso Arbizu izan zen azkarrena (01:37:59). Timac Agro-Lacturale taldeko txirrindulariak 13 segundoko aldea atera zion bigarren egin zuen Natalie Revelo Bossanori (Matos Mobilyti-Flexaco Cycling) eta 14 segundo hirugarren egin zuen Ayala Serrano Mansori (Zu-k). Sailkapen orokorrean Natalie Revelo portugaldarrarentzat izan da aurreneko postua, Ayala Serranorentzat bigarrena (11 segundora) eta Irene Morenok osatu du podiuma (19 segundora).

Kadeteetan, Alejandra Neira galiziarra nagusi

Itzulian, kadeteak ere ari dira lehian. Horiek, 16 taldeetan banatuta. Elgoibarko etapako irabazlea Galiziako selekzioko Alejandra Neira Dominguez izan da 55:17ko denborarekin. Atzetik sailkatu diraMaixa Odriozola Aierbe (Zu-k-Limousin) eta Janna Musquera Figueiral (Jufr). Sailkapen orokorra ere Neirarentzat izan da, Ordiziako eta Elgoibarko etapak irabazi baititu txirrindulari galiziarrak. Minutu bat eta 33 segundoko aldea atera dio bigarren egin duen Clara De La Rocari eta ia bi minutuko aldea hirugarren sailkatu den Naxara Odriozolari.