Lanaren diana jo du Mauxitxak eguna argitu aurretik

Barren 2024ko ira. 2a, 08:12

Duela 48 urte hasitako ohiturari jarraituz, Mauxitxa txarangakoek eta hainbat herritarrek herriko kaleak zeharkatu dituzte iraileko lehen lanegunean.

Mauxitxa txarangak itxi behar zituen aurtengo San Bartolome jaiak, domeka goizaldean egin behar zuten kalejirarekin, baina bertan behera laga zuten eguraldi iragarpenagatik. Jaiei amaiera emateko helburua zuen kalejira hark, eta oso bestelakoa gaurkoak, irailari ongi-etorria ematea eta hainbatentzat lanera bueltazeko garaia dela gogoraraztea.
Ohi moduan, 07:00etan puntuan hasi dute diana Kalebarren plazatik, eta musikariek eta segizioak ziztu bizian igaro dituzte kaleak, 24 minutuan. Oinetakoen azpiak garbi zituztela joan dira denak etxera, kale garbitzaileen jarraian egin baitute kalejira.

Aita Agirre plazan amaitu dute diana, talde argazkia atera eta lagun batek bota duen irrintziarekin. Joan dira jaiak eta abuztua, ohikotasunera itzultzeko sasoia da askorentzat.

Diana, argazkietan: