Asier Olabarrieta eta Jesus Jimenez aspalditik dira lagunak eta elkarrekin jotzen zuten Islabat taldean. Asier Olabarrietaren proiektua da Islabat, berak sortua. Pandemia ostean kontzertua eman zuten Elgoibarko zenbait taldek sanbartolomeetan, tartean Islabat taldeak, eta kontzertu hartarako Nerea Gil gonbidatu zuten: "Zerbait berezia egin nahi genuen kontzertu hartan, eta Silvia Hernandez musika eskolako koro irakasleak gomendatuta jarri ginen harremanetan Nerearekin". Hiru kanta abestu zituen Nerea Gilek Islabat taldearekin, eta oso gustura geratu ziren emaitzarekin. Ordurako hasita zeuden Asier Olabarrieta eta Jesus Jimenez proiektu berri bat sortzeko ideiari bueltak ematen, eta irailean Gili proposatu zioten hirukotea osatzea. 2022ko irailean hasi ziren probatzen. Zerbait desberdina egin nahi zuten, baina ez zeukaten estiloa definituta, eta esperimentatzen hasi ziren. Nerea Gil ere gogotsu zegoen. Betidanik abestu izan du, eta musika proiektu batzuetan parte hartua zen aurrez, baina musika talde batean sekula ibili gabe zegoen: "Asko gustatzen zait abestea, eta taldea osatzeko proposamenak ilusio handia egin zidan". Idatzi ere betidanik egin du, eta kanta asko dauzka idatzita.
Olabarrietak elektronika sartu nahi zuen, eta horrela hasi ziren esperimentatzen, hainbat talderen bertsioak jotzen. Pop-rock elektronikoa egiten dute bereziki, baina estilo asko lantzen dituzte, eta oso kanta desberdinak egiten dituzte: "Musika abaniko zabala daukagu, denetik gustatzen zaigu eta ez gaude estilo zehatz batean zentratuta", esan du Olabarrietak. Kantak hiruren artean sortzen dituzte, oso modu demokratikoan: "Normalean Nereak ekartzen du letra bat eta hasten gara horri musika jartzen. Irten daiteke abesti rockero bat edo doinu afrikarrak dituen beste bat. Elektronikak ematen digu aukera ohiko formato klasikotik aldendu eta gauza berriak egiteko". Gil pozik agertu da abestia sortzeko erabiltzen duten sistemarekin, eta esan du beste biek oso aintzat hartzen dituztela bere proposamenak, entzuna eta errespetatua sentitzen dela taldean eta oso gustura dagoela. "Batzuetan dena hankaz gora jartzen dugu eta hasierako proposamenak ez dauka amaierako emaitzarekin zerikusirik, baina denon artean adosten dugu", gaineratu du Jimenezek.
Taldeari izena jartzeko momentua ere iritsi zitzaien halako batean, eta hirurek aitortu dute abestiak sortzea baino zailagoa egin zitzaiela taldearentzako izen egokia aurkitzea. Ez dakite oso seguru nola aukeratu zuten izen hori ere, eta txantxetan esan dute asmatu beharko dutela istorio polit bat izena arrazoitzeko, baina gaur gaurkoz ez daukate horrelakorik eta Brilet gehiegi pentsatu gabe aukeratu zutela aitortu dute: "Hasi ginen
hitzak botatzen, eta belarrira ondo ematen zuela iruditu zitzaigun".
Kontzertuak ematen hasita daude, eta estreinakoz Elgoibartik kanpo jo berri dute, Saturraranen. Etxean jo izan dute bestela, eta eroso sentitzen dira Elgoibarren jotzen, publikoa ezaguna dutelako. Sanbartolomeetan irtengo dira berriz jende aurrera, Kalegoen plazako eszenatokira: "Handia da eszenatokia, eta handia da plaza", esan du Gilek. Urduritasun puntu bat duela nabari zaio. "Azken kontzertua taberna baten eman genuen, eta ez dut gutxietsi nahi, baina plazara irteteak beste ardura eta errespetu bat ematen du. Ni beti jartzen naiz urduri". Egun horretarako Iñigo Barrenetxea gonbidatu dute, eta berak joko du bateria. Egun hauetan ibili dira entseguak egiten, eta gustatu zaie entzun dutena: "Abestiek soinu desberdina hartzen dute bateriarekin, rockeroagoa da soinua eta gustatu zaigu nola geratzen diren kantak", esan du Olabarrietak. EME elkartetik ezagutzen zuten Iñigo Barrenetxea, baina sekula elkarrekin jo gabe zeuden eta aitortu dute guztiek oso ondo konektatu dutela. Barrenetxea bera ere pozik agertu da: "Oso ondo hartu naute, eta gozatzen ari gara elkarrekin. Musikan kimika hori sortzea garrantzitsua da". Olabarrietak esan du loteria
tokatu zaiela Barrenetxearekin, eta kontzertua ondo irtengo dela uste dute: "Oso langilea da, eta primeran egokitu da taldera". Teknikari lanetan ere lagun bat izango dute, eta horrek konfiantza handia ematen die kontzertuari begira. Talde ezagunen kantak eta propioak uztartuko dituzte. Zazpi bat abesti propio dituzte, eta Asier Olabarrietaren aspaldiko talde baten pare bat kanta ere jotzen dituzte. Taldearen indargune moduan Nere Gilen ahotsa nabarmendu dute gainerakoek. "Emakume abeslariak dituzten taldeak gustatzen zaizkigu, eta Nerearekin sekulako zortea izan genuen", esan du Jimenezek. Bazekiten abesten zuela, baina pandemia garaian deskubritu zuten benetan Gil, Aitor Novarekin etxealdian grabatu zuen kanta baten bidez. "Abesti hura izugarria izan zen", esan du Olabarrietak. Orduan gonbidatu zuten Islabatekin kontzertua ematera, eta ikusi zuten zenbat gozatu zuen berak ere eszenatokian. Astro guztiak alineatu ziren, eta horrela hasi zen Brilet. Gilek berak ere eskerrak eman dizkie taldekideei proiektuaren parte izateko aukera emateagatik eta berarengan jarri duten konfiantzagatik.