Sanbartolomeak 2024

“Raperoak kalearen oihartzuna gara”

Ainhoa Andonegi 2024ko abu. 3a, 10:28

La Basu rap abeslaria. Ar: Susana Abellan.

Elena Caballero da La Basu rap kantaria (Etxebarri, 1983). Umetatik gustatzen zaio idaztea eta errimekin jolastea, eta halako batean ohartu zen bere hitzei erritmoa jarrita rap abestiak sortzen zirela. Ia jolas moduan hasi zuen raplari ibilbidea, eta gaur egun plazak betetzen ditu. Kolonbian zehar egingo du bira uda honetan, eta sanbartolomeetan Maalako Gune Askean kantatuko du. Abuztuaren 23ko rap jaialdian hartuko du parte, 22:00etatik aurrera.

Elena Caballero 'La Basu'. Aurkeztuko diguzu zure burua?
Elena Caballero naiz, Etxebarrikoa, baina rap munduan La Basu ezizenez ezagutzen naute. 29 urte daramatzat rapa egiten, eta urte askoan emakume bakarra izan naiz Euskal Herrian. Nire lekua egitea lortu dut eta rapa da nire bizimodua.

Nondik dator La Basu izena?
Orain dela urte pila bat kontzertu bat ikustera joan nintzen Bilbora. Txikia naizenez, ez nuen ondo ikusten eta zakarrontzi baten gainera igo nintzen. Estruktura metalikoa zeukan, tapa berde batekin, eta halako batean tapa hautsi egin zen. Zakarrontzi barrura erori nintzen, eta basurera deika hasi zitzaidan jendea. Ez da oso istorio polita, baina benetakoa da.

Nola iritsi zinen rap mundura?
Gaztetan asko idazten nuen: hitzak, olerkiak... Nire burua oso arin doa, eta buru barnean neukana askatzeko ondo etortzen zitzaidan idaztea. Baina lotsa ematen zidan idazten nuena erakusteak, eta armairuan gordetzen nituen koadernoak. Uda Burgosko herri batean pasatzen nuen, eta graffitiak egiten zituen mutil bat ezagutu nuen. Cassette bat laga zidan, rap abestiekin. Ingelesez zegoen eta ez nuen ezer ulertzen, baina konturatu nintzen nik idatzitakoari doinu hori jarrita rap abestiak nituela. 12 bat urte nituen, eta hitzekin jolasten hasi nintzen rapeatzen. Asko gustatu zitzaidan, konturatu nintzelako indar handia zeukala abesten zuten horrek.

Hasieran bakarrenetariko emakumea zinela esan duzu.
Rap eta Hip Hop mundua gizonezkoena da oraindik, baina emakumezkoak ere existitzen gara, rapeatzen dugu eta hemen gaude. Gaztea nintzenean gizonezko bat gehiago nintzen. Beraiek bezala janzten nintzen, haiek bezala mugitzen nintzen... Arraro sentitzen nintzen haien artean. Adinarekin gauza asko
ulertu ditut, eta orain askeago sentitzen naiz. Emakume gehiago gara, eta badaukagu sare bat antolatuta mundu hontara iristen diren emakumeei babesa emateko. Borrokalaria naiz, borroka egitea tokatu zaidalako. Ez da erraza izan hona iristea, gauza asko justifikatu behar izan ditut eta sarri entzun izan dut beste hori: 'Emakumea izateko ez du txarto egiten'. Gizonezkoei ez zaie horrelakorik esaten, eta askotan defendatu behar izan dut defenda ezina, eta horrek gogortu egin nau.

Gazteleraz abesten hasi zinen, eta gaur ia dena euskaraz rapeatzen duzu. Zergatik hartu zenuen erabaki hori?
Etxebarrin ez da euskaraz hitz egiten, nire gurasoek ez dakite euskaraz eta ni ere 15 urtez egon nintzen euskaraz hitz egin gabe. Rapeatzen hasi nintzenean ez zen inoren buruan sartzen euskaraz rapeatu zitekeenik, eta horregatik hasierako diskoak gaztelaniaz argitaratu nituen. Baina egun baten pentsatu nuen banekiela euskaraz eta munduari demostratu behar niola posible zela euskaraz rapeatzea. Niretzako sekulako erronka izan zen, eta gauregun ere oraindik bada, jarraitzen dudalako gaztelaniaz pentsatzen eta askoz hiztegi zabalagoa daukadalako gainera. Euskaldun peto-petoa ez naiz izango, hankasartzeak egiten ditut, baina orain nire hizkuntza da eta gustatzen zait euskaraz rapeatzea. Jendeak esaten dit euskaraz ez duela ulertzen eta gaztelaniaz egiteko, baina esaten diet ingelesez edo frantsesez ere entzutzen dutela rapa ezer ulertu gabe. Niretzako garrantzitsua da gurehizkuntza zabaltzea. Kolonbian ibiliko naiz uda honetan eta euskaraz rapeatuko dut. Orain euskaraz bizi naiz.

La Basu eta Aneguria rap abeslariek Rap Ibiltaria eskaini zuten Elgoibarko kaleetan 2017an

Zeri abesten diozu?
Emakumeari, euskarari... nire bizitzan gertatzen zaidanari buruz kantatzen dut. Asmatu ahal nituen istorio batzuk, kanta dezaket pistola bat daukadala eta kartzelan egon naizela, baina ez da egia. Nire bizitza bestelakoa da. Asko hitz egiten dut askatasunari buruz eta emakume izateari buruz. Rapa nire borroka da.

Nolako harrera dauka rapak Euskal Herrian?
Euskal Herrian rock eta punk musikak gogor egon dira beti, baina raperoak beti izan gara arraroak. Medioetan ere barregarri utzi dute gure mundua, baina raperoak kalearen oihartzuna gara eta paper garrantzitsua jokatzen dugu. Talde berriak sortu dira, baina oraindik euskal rapa ez da asko entzuten.

Zer eskainiko diguzu Maalako Gune Askean?
Aspaldi ez dut Elgoibarren jo, eta ilusio handia egin zidan hango deia jasotzeak. Ikusi nahi ditut emakumeak dantzan eta aske gozatzen. Horretara joango naiz, askatasun osoz abestera eta gozatzera.