Dimisioa aurkeztu du Gipuzkoako Txirrindularitza Federazioko zuzendaritzak

Barren 2024ko uzt. 24a, 11:55

2023ko Etxaniz Memorialeko irudia. BARREN

Dimisioa aurkezteko azken tanta abuztuan egingo dituzten Aretxabaletako eta Elgoibarko (Etxaniz Memoriala) lasterketak antolatzeko izan dituzten zailtasunetatik etorri dela jakitera eman du Gipuzkoako Txirrindularitza Federazioko zuzendaritzak.

Dimisioa eman du Gipuzkoako Txirrindularitza Federazioko zuzendaritzak. Barikuan ezohiko batzarra egin zuten, eta jakinarazi zuzendaritza osoak kargua utziko zuela. Azken urteotan lasterketak antolatzeko izan dituzten zailtasunak jakinekoak dira, baina oraingoan nahikoa dela esan dute, eta dimisioa aurkeztu du talde osoak. "Erabat ulergarria da, ezin dute egon egun osoan Gipuzkoako Trafiko Zuzendaritzako kideekin borrokan. Bizkaian eta Araban Ertzaintzak ez du arazorik jartzen, baina hemen bai", adierazi du Aloña Mendiko txirrindularitza saileko presidente Aitor Atorrasagasti elgoibartarrak Goiena-ri eginiko adierazpenetan.

Aitor Atorrasagasti: "Lan egiteko ilusioa kendu digute denei"

Azken urteotan Gipuzkoako Txirrindularitza Federazioak etengabe izan ditu lasterketak antolatzeko trabak, "Eta horiek Trafiko Zuzendaritzatik etorri dira", dio Atorrasagastik. Lasterketak antolatzeko izan dituzten zailtasunak dira Gipuzkoako Txirrindularitza Federaziotik behin eta berriz salatzen ibili direna, eta bertako ordezkariei agortu zaie pazientzia. Hain zuzen, talde horrek egindako lana bertatik bertara jarraitu du Atorrasagastik –Eskola Arteko txirrindularitzako zonaldeko arduraduna ere bada–. "Lan egiteko ilusioa kendu digute denei, erabaki oso gogorra hartu dute federazioko kideek baina erabat ulergarria da. Eta pena handia dut, lan-talde hori lan oso txukuna egiten zebilelako. Baina urte hauetan gertatu dena ez da normala. Sinesgaitza da ikustea gutxi batzuek zelan duten horrenbeste jenderen ilusioa zapuzteko gaitasuna".


Etxaniz Memoriala ez dago kolokan

Iaz lasterketako antolatzaileek arazoak bata bestearen ostean izan zituzten, baina azkenean lortu zuten denboraldia itxura batean egitea, bidean eten batzuk eginda, hori bai. Orain dimisioa aurkezteko azken tanta, baina, abuztuan egingo dituzten Aretxabaletako eta Elgoibarko lasterketak antolatzeko izan dituzten zailtasunetatik etorri da. Biak dira lasterketa beteranoak, 75 ediziotik gora dituzte-eta biek. Horiek antolatzeko topatu dituzten trabek bete dute goraino federazioko kideen pazientziaren ontzia, gainezka egiteraino.
"Trafiko Zuzendaritzatik lasterketa horiek ez baimentzeko aitzakiak ikustekoak izan dira. Aste barruan zirkulazioa eteteak arazo handiak sortzen dituela, jendea lanera joan behar dela, hondartza gertu dagoela... Ez sinistekoa. Aretxabaletako eta Elgoibarko lasterketa horiek 75 urtetik gorakoak dira, eta beti antolatu dituzte egun berdinean. Nahiko lukete aretxabaletarrek hondartza horren gertu izatea, ea zenbat lagun joango diren abuztuaren 16an lanera... Pentsa, duela 20 egun Txuma memoriala izan dugu Bizkaian eta ibilbidea Urdaibai inguruetatik pasa da. Han bai dute hondartza ondoan, eta Bizkaiko ertzaintzak ez du inolako arazorik jarri. Bada, Aretxabaletako eta Elgoibarko lasterketetako baimena "erabaki politiko" batek ekarri du, eta Jaurlaritzatik etorri da baimen hori. Baina Gipuzkoako Trafiko Zuzendaritzak ez du baimen hori eman nahi izan", adierazi du Atorrasagastik.

Ohi moduan, abuztuaren 23an, San Bartolome Bezpera Egunean, jokatuko dute Etxaniz Memorialaren 77. ekitaldia izango dena. 09:00etan hasiko da, Kalegoen plazatik, Gure Bide Txirrindulari Elkarteak Federazioaren laguntzarekin antolatzen duen 23 urtez azpiko txirrindularientzako lasterketa. Helmuga 12:00ak inguruan izango da, Pedro Migel Urruzuno kalean eta 12:30ean egingo dute sari banaketa, Kalegoenen. Iazkoan Lucas Joseph Towers (Caja Rural-Alea) 19 urteko txirrindulari britainiarrak irabazi zuen alsterketa.

Begirune eta errespetu falta

Lasterketak antolatzerakoan Trafiko Zuzendaritzatik jasotako etengabeko trabekin nazkatuta eta jarrera horiek onartzen dizkion Eusko Jaurlaritzaren babes faltarekin minduta dago Santi Osoro, orain arteko federazioko presidentea. "Asko izan dira halakoak, inolako zentzurik ez dutenak, azkenean baimendu dituztelako, baina sekulako tentsioa sortzen da. Hauek ez dira konturatzen lasterketa bat antolatzen bi edo hiru hilabete lehenago hasi behar izaten dela eta karrera askoren baimena astebeteren faltan eman digute. Antolatzaile askok ez dakite baimenik izango duten, horrela ez dago lan egiterik", esan du Osorok Naiz egunkariari eginiko adierazpenetan. Jende askoren lanarekiko begirune eta errespetu falta nabaria dela salatu du Osorok. 

Iraila eta gero zer?

Oraingoz, errepideko denboraldia irail amaieran amaitu bitartean lasterketak normaltasunez egingo dituzte, baina udazkenean hastekoak beharko luketen ziklo-kros denboraldia kolokan dago, eta baita bestelako proba eta topaketak ere, tartean, eskola kirolekoak -2025eko denboraldikoak-. Hurrengo pausoa izango da irailean presidente interinoa aukeratzeko hauteskundeak deitzea. Inor aurkeztekotan, egin beharko duen lehen lanetako bat ez ohiko hauteskunde berriak deitzea izango da, tartean Gasteizko Legebiltzarrak kirol lege berria publikatzea espero baita. Aitor Atorrasagastik ez dauka itxaropen handirik: "Ez dakit nor aurkeztuko den, egia esan. Aurrekari hauekin oso zaila izango da inork pausoa ematea", dio.

Iritzi berekoa da Santi Osoro ere: "Ez dakigu zer gertatuko den ez bada inor aurkezten".