Urtarrilerako iragarri zuen Elgoibarko Udalak 'Todas las hijas' antzezlana, baina Herriko Antzokiko langileek hasitako grebaren ondorioz bertan behera laga zuten. Irailaren 27an izango dela jakitera eman du Kultura Sailak, 19:00etan.
Jatorrizko datarako sarrerak erosi zituzten pertsonek sarrera horiekin joan ahal izango dira ekitaldira.
Zenbatekoa itzultzea nahiago dutenentzat, bi aukera daude:
- Txarteldegian erositako sarrerak: irailetik aurrera eskatu ahal izango dute dirua itzultzeko, erosketa egin zen leihatilan bertan.
- Online erositako sarrerak: herriko.antzokia.elgoibar@gmail.com helbidera mezu elektroniko bat bidali behar da dirua itzultzeko eskatzeko.
Todas las hijas bost emakume aktoreren historia da, haien bizitzaren ipuina. Bost emakumek hitz egiten dute, hitz egiteko beharra dutelako. Dauden lekura nola iritsi diren kontatzeko beharra dute, beren bizitzak eta artea nola bizi izan dituzten adierazteko eta galdera honi erantzuteko: zergatik sentitzen duten kezka bat beren bularraren barren-barrenean, bihotzaren eta biriken artean, sentimenduak eta arnasa kokatzen diren lekuan. Agian, mina da; edo beldurra, besterik ez; edo adina; edo bakardadea; edo maitasuna, batzuetan min ematen baitu; edo trebeska geratu den barre bat. Baina denak gogoratzen dira beren amaz, horregatik dira denak alabak.