Brasilgo eta Kazakhastango dantzariek hartuko dute parte Nazioarteko Folklore Jaialdian, Haritzekoekin batera

Barren 2024ko uzt. 16a, 15:30

Kazakhastandik etorriko da Naz Folklore Konpainia Nazionala.

Aurten Brasilgo eta Kazakhastango bi dantza talde gonbidatu dituzte Elgoibarko Nazioarteko Folklore Jaialdira, eta euren herrialdeetako dantzak ekarriko dituzte. Haritz dantza taldekoek, berriz, Euskal Herriko dantzak taularatuko dituzte.

Nazioarteko Folklore Jaialdia uztailaren 24an izango da, 22:30ean, Maalako parkean. Hona eszenatokira igoko diren taldeei buruzko xehetasunak: 

Bacnare Dantza Taldea

Brasilgo Bacnare dantza taldea Recife hiritik iritsiko da Elgoibarrera. Herrialdeko hiri zaharrenetarikoa da, eta ia milioi eta erdi biztanle ditu. Tradizioa, sormena eta kultura-aniztasuna dira Recifeko biztanleen nortasun-ezaugarri nagusiak, eta musikak ere paper garrantzitsua dauka. Recifeko kale inauteria oso ezaguna eta koloretsua da, eta haren esentzia ekarriko du Bacnare taldeak Elgoibarrera. 21 lagunek osatzen dute taldea: 15 dantzari, bost musikari eta arduraduna.

 

NAZ Folklore Konpainia Nazionala 

Naz Folklore Konpainia Nazionala etorriko da Kazakhastandik. 43 lagunek osatzen dute konpainia, 26 emakumek eta 17 gizonek. Kazakhstan puzzle erraldoi bat da Ural, Siberia ipar-ekialdean eta Errusiaren artean. Naz folklore talde nazionalak Europako eta Asiako herrialde ugari bisitatu izan ditu, eta bere folklorearen baitan milaka urtetako giza tradizio eta balioekin harmonian dauden kantu eta musikak batzen ditu. Dantzek harmonia handiz konbinatzen dute Asia eta Europa.

 

Haritz Euskal Dantzati Taldea

Haritz euskal dantzari taldekoek aurten ere bi zati dantzatuko dituzte. Lehen zatian, Guardiako kuadrillako hiru herritako dantzak taularatuko dituzte: Guardiako paseoa; Iekorako Bertzijanako Amabirjinaren kate-dantza; Eltziegoko Cuatro calles, El arbol eta jota; eta Eskuernagako Bailaos, Te ví, El culo eta Pájara pinta.
Bigarren agerraldian Lapurdiko arropa koloretsu, musika alai eta dantza dotore nahiz dibertigarriz beteko dute Maala. Haritzeko dantzariei Betti Beteluk irakatsi zizkien dantzaluze, Xinple, Marmutx, Lapurdiko makil-dantza, Gabota, Bizar-dantza eta Betti Beteluk berak prestatutako fandangoa.