Ezin hobeto pasa zutela azaldu dute eta zukua atera ziotela lau eguneko irteerari. Uztailaren hasieran joan ziren eta Panticosako bainuetxean (Aragoi, Espainia) hartu zuten ostatu. "Pentsio osoan egin genuen egonaldia eta hidroterapia sesio bat ere hartu genuen bainuetxean. Esan beharrik ez dagoen arren, primeran egon ginen", azaldu dute. Lehen egunean Pirinioetako eta elurretako hiriburua den Jaka bisitatu zuten eta bigarrengoan Huescako iparraldean dauden Sallent de Gallego eta Lanuza herrietan izan ziren. Europako trenik garaiena den Artousteko trenean ere ibili ziren. 1924. urtean sortu zuen trena Midi Trenbide enpresak, eta Ossau bailarako eta Midi de Ossau mendiko irudi ederrak ikusi daitezke trenetik. El Portalet mendiaren magalean dagoen Artousteko herritik Artousteko lakura joaten da trena eta geltokira telekabinan igotzen da. Artousteko lakutik Col d´Lurien-era igo eta Fabregeseko lakura jaisten da.
Panticosako O Calve begiratokia eta gerrako gotorlekuak ezagutzeko aukera ere izan zuten Elgoibartik joandako lagunek. Eta, Pirinio Atlantikoak departamenduko hiriburua den Pauera ere egin zuten bisita. Goiko argazki bilduman ikus daiteke nondik-nora ibili ziren.
Areetatik Sopelara, uztailaren 16an
Elgoibarko Jubilatuen Biltokiak irteera antolatu du hilaren 16rako. Areetatik Sopelara joango dira, Punta Galeatik pasatuta. 14 kilometroko ibilaldia izango da. 08:00etako trena hartuko dute Elgoibarren, Bilboraino, eta gero, metroz joango dira Areetara. Hamarretakoa eta bazkaria norberak eraman beharko ditu etxetik, eta gero, denek batera bazkalduko sute Sopelan. Itzulera bakoitzak nahi duenean egin dezake. Informazio gehiagorako Jubilatuen Biltokiko bulegora jo daiteke.