Elgoibarko dultzaineroak sanferminetan

Ainara Argoitia 2024ko uzt. 12a, 10:36

Elgoibarko dultzaineroak Iruñeko sanferminetako txupinazoan izan dira aurten ere. Txomin Mujikak zabaldu zuen bidea duela 40 bat urte, eta probatu dutenek ez dute lagatzeko. Han bizi izan dutena deskribaezina zaie, baina dozenaka argazki bidali dizkigute, hitzez azaldu ezin daitekeena irudiz erakusteko. 

Etorri onenekoak ere ezin dezake azaldu Iruñeko sanferminetako txupinazoan plaza bete lagunen aurrera dultzaina jotzera irtetea zer den. Ezta Txomin Mujikak berak ere, hogeita hamar urtez baino gehiagoan bizi izan duen arren momentu hori barru-barrutik. Txupinazo aurreko eta ondorengo momentuak nola diren azaltzen ari dela ere oilo-larrua jartzen zaiola dio, telefonoz bestaldetik: "Sinistezina da. Rio de Janeiroko Karnabala-eta aipatzen dituzte, baina konparaziorik ere ez dago. Sanferminen pareko jairik ez dago". Aurten ere han izan da Mujika, Elgoibarko dultzainero gazteagoak lagun hartuta. 1975. urtean ezagutu zituen estreinakoz Iruñeko sanferminak Mujikak eta 49 urtean urtero-urtero izan da han. Victor Zubiaurre zena eta biak joan ziren estreinakoz, "Seat seiscientos zahar baten", itsu-itsuan, eta sekula Iruñea zapaldu gabeak izateko izugarrizko zortea izan zutela esan beharko dugu, Gaztelu plazan bertan aparkatu zutelako, Iruña kafetegi aurrean. "Gaur egun kontatzen dugu eta jendeak sinistu ere ez du egiten, baina neu nintzen txoferra eta inork baino hobeto dakit non aparkatu genuen. Pentsa ezazu gaur egun zer den hori. Orain, anbulantzia bati ere ez diote lagatzen han aparkatzen".
 
 Iruñeko Gaiteroekin txupinazoan jotzeko ohitura geroagokoa du, hala ere: "Orain 40 bat urtekoa kalkulatzen dut". Javier Lacunza eta Jose Luis Fraile Iruñeko gaiteroen taldeko beteranoek, "lagun handiek", zabaldu zioten harako bidea, baina lehenengo hiru bat urtean txistua jotzera joan ziren Zubiaurre eta biak. "Ez ginen ausartzen dultzainarekin joaten, gaiteroen unibertsitatea zen hura eta!". Nolanahi ere, orduko eta gaurko jaia konparaezinak direla dio. "Ez zegoen orduan gaurko masifikaziorik; ezta urrik eman ere, baina bazetorren hori ere sortzen". Mujikak kontatu du sanferminak ezagutu zituenean La Pamplonesa udal musika bandakoak izaten zirela plazara jotzera irteten zirenak, baina laga ziotela, plazan zegoenetako norbaitek kristalezko botila bat jaurti eta bandakide bat zauritu zuenean. "Gaur beste jendetzarik ez zen izaten, baina beti izaten da majaderoren bat eta orduan ere bazen", azpimarratu du. Egoera hartan, Iruñeko gaiteroak agertu ziren erreleboa emateko prest. "Hamarren bat izango ziren hasieran, eta orain, berrehun bat batzen gara txupinazoan".

Eta Mujikaren eskutik iritsi dira Elgoibarko eta Mendaroko dultzainero gazteagoak Iruñeko txupinazora. Beñat Konde da maisuak alebintzat dituenetako bat. 2010ean bizi izan zuen estreinakoz momentu hura Kondek, Aitor Novarekin batera, eta geroztik, ez du hutsik egin, ezta bikotekidearekin batera urtebeterako munduari itzulia ematera joan zenean ere. "Uztailaren 18an irten ginen Elgoibartik eta urtebetera, uztailaren 5ean, itzuli ginen Loiura. Handik zuzenean Iruñera joan, han lo egin, eta biharamunean txupinazora batu nintzen". Are, COVIDaren pandemiagatik txupinazorik izan ez zen bi urtean ere eutsi zioten tradizioari Konde eta konpainiak, Elgoibarren, eta hemen ibili ziren, dultzainero jantzita, kalez kale, txupinazoan jo ohi dituzten Iruñeko sarrera eta Ánimo pues piezak joaz. Uztailaren 6ko egunez dultzaineroek Iruñeko La Mañueta frontoian egin ohi duten herri-bazkariko giroa ere ekarri zuten, Elgoibarko elkarte batean formato txikiagoan egin zuten otordura [Aurten 160 dultzainero batu dira La Mañuetako bazkarian]. Baina Kondek ere ez du hitzik bildu Iruñean asteon sentitu dutena deskribatzeko.

"Covidaren pandemiagatik txupinazorik izan ez zen bi urtean ere eutsi zioten tradizioari Konde eta konpainiak"

 Duela bi-hiru urtera arte, txupinazoko unea udaletxe barruan bizi izaten zuten dultzaineroek, baina azkenekoetan udaletxe ostean izan dituzte, harik eta txupineroek txapligoa bota eta La Pamplonesa udal musika bandakoek txistulariekin batera Gainza biribilketa jo arte. Hori eta gero, txistulariak plazara irten ohi dira Agur jaunak jotzera, udaltzainek nola-hala zabaldutako bidean aurrera, eta haiek udaletxera erretiratzen direnean irteten dira gaiteroak kalera, udaletxea barrutik zeharkatuta, 12:15ak aldera. Momentu horren zirrara bertan egon ez denak imaginatu ere ezin dezakeela egin dio Kondek, irudiak telebistaz ikusi dituenak igarri dezakeela uste arren. "Izugarria da, hunkigarria. Geu ere egonda gaude jendeari bizkarra emanda, udaltzainei nola-hala laguntzen, dultzaina jotzen gaudela". Txomin Mujika, Aitor Nova eta Beñat Konde dultzaineroez gain, Mikel Etxaniz (danborra), Gorka Mujika (danborra), Iker Odria (danborra), Asier Rodriguez (dultzaina) eta Andoni Riañok (dultzaina) ere parte hartu dute Iruñeko txupinazoan, gaiteroekin. 2011n joan zen estreinakoz Mikel Etxaniz, eta azkeneko hiru bat urtean batu zaizkie gainerakoak beteranoagoei, baina behin probatu duenak ez dauka momentu hori lagatzeko. "Aldatz behera hasita gaude gu, baina bateriak funtzionatzen digun bitartean han izango naiz sanferminetan. Nik gozatu dudan beste gozatzen badute hauek, ez dira gaizki ibiliko", esan du Mujikak, eskarmentuaren ahotsak. Txupinazotik aparte, sanferminetako egitarauko beste hainbat ekintzatan ere parte hartu dute Elgoibarko dultzaineroek eta irailean ospatuko duten San Fermin Txikiak jaira ere batuko dira batzuk, urte guzti hauetan Iruñean egin dituzten lagunen eskutik. Izan ere, lagun asko eta beste horrenbeste momentu gogoangarri eman dizkiete sanferminek. Zaila zaie urte bat edo momentu bat apartatzea ere, baina Arrantzale bizardunek Iruñeko udaletxeko fatxadan ikurriña zabaldu zuten urteko txupinazoa ekarri du gogora Kondek. 2013an izan zen. Mundu oso bat udaletxeko plazara begira zegoela, plaza teilatu batetik bestera zeharkatzen zuen kable batean ikurriña eskegi zuten Arrantzale bizardunek, eta ikurrinak txupinazoa botatzea galarazten ez zuen arren, hura kendu arteko onik ez zuten izan orduko agintariek jaiak hasteko. "Han geunden gu".
 
 "Txiki Eguna edo sanferminak. Hortxe izaten dut nik dilema. Txiki Eguna geurea da, baina sanferminak oso bereziak dira; urtero harritzen naute. Kalean sortzen den giro hori deskriba ezina da. Aurten, Zuberoako batzuekin elkartu gara kalean, eta ordu t'erdiz ibili gara kantuan, eztarriak urratu arte. Dena da inprobisatua han, dena kalean. Jakin egin behar da non ibili ere pixkat, jendetzatik ihes eginda, baina izugarria da. Egon egin behar da, sanferminak zer diren ulertzeko", bota du Kondek. Domekan izango dute aurtengoek azkena, ez beraz, denbora gehiago galdu.