Danobatgroupek 600.000 euro bideratuko ditu 'Elkarrekin Eragin' programara

Barren 2024ko uzt. 11a, 11:22

Danobatgroupek Minbiziaren Aurkako Espainiako Elkartea, Elhuyar eta Gipuzkoako Autismo Elkartea diruz lagunduko ditu hurrengo hiru urteetan. Azken horren baitan, Santa Klara komentua egon zen eraikina zentro dinamiko bihurtzeko diru ekarpena egingo du industria taldeak.

Danobatgroup industria taldeak ongizate sozialaren eta garapen jasangarriaren aldeko hainbat inbertsio egiten ditu, ingurunearekiko duten konpromisioaren baitan. Azken hiru urteetan 1,5 milioi euro baino gehiago erabili dituztela jakitera eman dute, eta diru horrekin pertsonen bizi baldintzak hobetzeko eta garapen jasangarria sustatzeko 200 ekintza baino gehiago egin dituztela. 
Filosofia horren adibide da Elkarrekin Eragin izeneko programa. Danobatgroupek 2018tik bultzatzen du programa hori, eta bertan taldean lan egiten duten pertsonek ingurunean modu positiboan eragitera bideratutako hiru programa proposatzen eta aukeratzen dituzte. Hirugarren edizio honetan 600.000 euro emango dituzte honako hiru elkarteei laguntzeko: Minbiziaren Aurkako Espainiako Elkartea (AECC), Elhuyar eta GAUTENA Gipuzkoako Autismo

Elkartea. Eraldaketa sozialeko proiektuak babesteko dirulaguntzak emango dizkiete aukeratu dituzten hiru elkarteei, hiru urterako. "Hiru erakundeek eragin zuzen eta positiboa sortuko dute Debagoiena eta Debabarrena eskualdeetako gizartean, minbizia duten pazienteei eta haien senideei laguntza eta babesa emanez, gazteen osasun mentala zainduz eta autismoa duten pertsonei eta haien familiei laguntza emanez", adierazi dute.

Autismoa duten pertsonei laguntzea

GAUTENAk “Debabarrena eskualdeko Autismoa duten pertsonentzako eta haien familientzako laguntza programak” proiektua aurkeztu du Elkarrekin Eragin programara, eta aurreko edizioan Danobatgroupek 2021etik 2023ra bitartean finantzatutakoari jarraipena eman diote. Ekimen hori Elgoibarko Udalak elkarteari Santa Klara komentua doan laga ondoren sortu zen, eta, horri esker, GAUTENAk, industria taldearen laguntzarekin, hainbat egokitzapen egin ahal izan ditu azken hiru urteetan eskualdean autismoa duten 80 pertsona ingururi eta horien familiei arreta emateko. 
Agertoki horretan, Danobatgroupek egindako 150.000 euroko ekarpenarekin, GAUTENAk beste pauso bat eman nahi du Santa Klara komentua "zentro dinamiko" bihurtzeko eta tokiko komunitatearentzat irisgarri izan dadin, kapera funtzio anitzeko espazio bihurtuta, esaterako, auzo bilerak, hitzaldiak eta eskulan tailerrak egiteko leku bat, integrazioa sustatuta eta 200 pertsona ingururi mesede eginda.


AECCren egoitza berria Arrasaten

Hautatutako bigarren proiektua AECCk sustatutakoa da, eta Gipuzkoan egoitza berria ezartzea du helburu, zehazki Arrasaten. Antzuola, Bergara, Elgeta, Arrasate, Aretxabaleta, Eskoriatza, Leintz Gatzaga eta Oñatiko 62.000 pertsona baino gehiagori mesede egingo lieke. Ekimen hori gauzatzeko 200.000 euro bideratuko ditu Danobatgroupek, eta psikologia, gizarte lan eta prebentzioko funtsezko zerbitzuak eskainiko dizkie bai minbiziak kaltetutako pazienteei eta senideei, bai Debagoieneko biztanleei orokorrean. Zehazki, diru horrekin AECCk laguntza psikologikoa eskaini ahal izango die 90 pertsonari eta laguntza sozialeko zerbitzuak beste 87 pertsonari, eta Debagoienan osasuna sustatzeko ekintzak egin ahal izango ditu, komunitate osoari mesede eginda, ongizatea eta minbiziaren aurkako prebentzioa sustatzen duten ekimenen bidez.


Nerabeen osasun mentalaren zaintza

Azkenik, Elhuyarrek bultzatutakoa da hirugarren proiektua, eta Danobatgroupek 175.000 eurorekin babestuko du. Nerabeen osasun mentalaren narriadura aztertzea du helburu nagusi. "Ikastetxe, guraso eta elkarteekin estuki lan eginez, psikologo espezializatuek diseinatutako irtenbideak inplementatuko dira, prozesuaren erdigunean gazteen ahotsa eta ikuspuntua jarrita", adierazi dute.
Danobatgroupek Elkarrekin Eraginen edizio honetan bideratutako gainerako dirua (75.000 euro) lehen hautaketa fasean aurkeztu eta fasea gainditu duten gainerako proiektuei laguntzeko izango da.