Elgoibarko gazteak familiakoekin batera joan ziren Donostiara, Aranzadi Zientzia Elkartearen egoitza ezagutzera. Han, Aranzadikoek egiten duten lana bertatik bertara ezagutzeko aukera eduki zuten Bizilabe Elgoibarkoek, zientzia-elkarteko profesionalek egin zieten bisita gidatuari esker. Donostiako Zorroaga eraikina bisitatuz hasi zuten bisita. Han, liburutegian eta sailetan zehar ibili ziren, eta ikerketak eta bildumak ikusi ahal izan zituzten, besteak beste, herpetologia, herbarioak eta animalien hezurrak. Ondoren, Aranzadik Ekogunean duen urmaelean, laginketa bat egin zuten bertako fauna aztertzeko. Uhandre palmatuak ikusteko aukera izan zuten, eta azterketa-ontzi batean sartu eta gero askatu zituzten. Gainera, bi aran ikusi zituzten parke berean.
Aranzadik zientzia, historia eta kultura-ondarea kontserbatzea eta balioestea errazten du, bizi garen gizarte modernoaren bilakaera ulertzeko erreferentzia gisa. Gaur egun, 2.000 bazkide ditu elkarteak, eta horietatik 150 inguru hainbat zientzia-diziplinatako ikertzaileak dira, erakunde horren esparruan ikerketa-lanak egiten dituztenak.