Uztailean eta abuztuan, astean hiru arratsaldez batuko dira Nualako gazteak, zazpi mutil eta lau neska, beren adineko gazteek egin ohi dituzten planak egiteko, begiraleek zainduta. Nualaren ekimen honek hainbat helbururi erantzuten die: batetik, gazteen ongizatea, gozamena eta ikaskuntza soziala bultzatzen ditu, eta bestetik, aniztasun funtzionala duten pertsonak ikusgarri egitea eta haien etxekoen bizi-kalitatea hobetzea. Otsailetik ekainera bitartean ere gauzatu dute programa, eta hilabetean bi zapatutan egin dituzte planak gazteek.
Programa hau Elgoibarko Udalak finantzatzen du zati handi batean, eta gainerakoa familien ekarpenetatik eta elkarteko dirutik finantzatzen da. Horri dagokionez, Nuala elkartetik eskerrak eman dizkiete La Caixa Fundazioari, Danobat enpresari eta hainbat toki-erakunderi, hala nola Elgoibarko Ikastolari, TX4 gimnasioari, igeriketa klubari eta Mintxetako tabernari, egindako ekarpenengatik.
Era berean, beharra duen edonori gogorarazi diote elkarteko ateak zabalik dituztela, eta posta elektroniko bat zabaldu dute harremanetarako: nualaelkartea@gmail.com.