Elgoibarko elkarte sarea sustatzeko planaren lehen fasea amaitu dute

Barren 2024ko uztailaren 5a

Elgoibarko elkarte sarea indartzeko Elkartekintza plana diseinatu zuen Udalak, eta lehenengo fasea amaitu berri dute.

Proiektuaren lehen fasean, herriko hainbat elkartetako ordezkariak elkarrizketatu dituzte, eta sei lan-ildo identifikatu dituzte honako erronka eta helburu komun hauei begira: prozesu burokratikoak erraztea, parte-hartzaileen aniztasuna handitzea, zuzendaritza-taldeen txandak erraztea, elkarteen lana aitortzea eta ikusaraztea, hainbat erronkari aurre egiteko prestakuntzak eskaintzea eta lankidetza-lana sustatzea.
Ondoren, dinamika parte-hartzaile bat antolatu zuten hogei bat lagunekin, eta aurrera begirako ekintza plana zehaztu dute:

  1. Izapide burokratikoetarako aholkularitza-eredu komuna sortzea
  2. Udalak eskatutako dokumentuak eta prozesuak arintzea
  3. Elkarteak eratzeko eta kudeatzeko gida sortzea
  4. Zuzendaritza-taldeen erreleboan laguntzea
  5. Prestakuntza espezifikoak antolatzea
  6. Elkarteen eguna antolatzea
  7. Elkarteentzako komunikazio-plana definitzea
  8. Elkarteak konektatzeko bitartekoak ematea, bai online bai aurrez aurre
  9. Elkarteen arteko lankidetza sustatzea


Elkartekintza proiektuan parte hartzeko interesa dutenek, partaidetza@elgoibar.eus helbidera idatzi dezakete.