San Ferminei aurrea hartuz, udaldiko antolatzaileek festa eguna antolatu dute biharko: Bagatoz Eguna.
Sokamuturrarekin hasiko dituzte prestatu dituzten ekitaldiak, 10:00etan. Zezenzikleten aurretik antxitxika ibiliko dira umeak Kalegoen plazatik hasi eta San Bartolome eta Errosario kaleean barrena, duela urte batzura arte ospatzen zuten San Fermin Txiki Egunean ibiltzen ziren antzera.
Ondoren, 10:30ean, erraldoien ikastaroa egingo dute Bergarako erraldoi eta kilikien konpartsako lagunen eskutik. Umeek eraman ohi dituzten erraldoiak ekarriko dituzte bergararrek. Udaldian diharduten neska-mutilek sortutako erraldoi eta buruhandiak ere aterako dituzte kalera bihar. 11:30ean kalejiran irtengo dira erraldoiak, dultzaineroekin batera.
12:00etan txupinazoa botako dute eta pregoia irakurri udaletxeko balkoitik. Talde argazkia aterako dute 12:30ean eta herri bazkaria egingo dute gero elizako arkupeetan. 170 bat ume batuko dira bazkaritarako. Bazkalostean izango du segida festak. 15:30ean kalejiran irtengo dira berriro, BetiSua txarangak gidatuta.
Erraldoien bisita udaldiko umeei
Udaldian dabiltzan umeek gaur ere izan dute festa giroaz gozatzeko aukera. Erbuze konpartsako kideek bere lekutik atera dituzte Jon Lizarralde eta Arantxa Aginako erraldoiak eta dantzan jarri dituzte Aita Agirreko arkupeetan, dultzaineroen laguntzarekin gainera. Elgoibarko erraldoiei eta buruhandiei buruzko hainbat azalpen eman dizkiete Erbuzekoek umeei eta galderak ere egin dizkiete umeek. Erraldoien barruan sartzeko aukera ere eman diete eta denek altxa dute eskua. Ilara osatu eta banan banan sartu dira erraldoien barruan.