Carros de Foc-era irteera, uztailaren 25etik 28ra

Barren 2024ko uzt. 3a, 13:56

Carros de Foc (Pirinioak) ibilbide ezagunaren hegoaldeko zatia egiteko irteera antolatu dute Morkaikok eta Eibarko Klub Deportibok, uztailaren 25etik 28rako. 

Lau egunetako ibilbideak GPX fitxategiekin eta azalpen guztiekin morkaiko.eus webgunean ipini dituzte. Ibilbidea zeharkaldi eran egingo dutenez, norberak beharrezko duen guztia motxilan eraman beharko du, alegia, hiru gau eta lau egun mendian igarotzeko beharrezko guztia. Irteeran parte hartzeko ezinbestekoa da federatuta egotea. Ventosa i Calvell, Estany Llong eta Josep Maria Blanc aterpeetan egingo dute lo, eta 272 eurokoa izango da bi mendi taldeetako bazkideentzako prezioa (bazkide ez direnek 307 euro). Prezioaren barruan autobus bidaia, aterpetxeetako afaria, logela eta gosaria sarzten direla zehaztu dute. Izena-ematerakoan 50 euroko fidantza jarri beharko dute interesatuek, eta diru hori ez dute itzuliko irteeran parte hartu ezean. 

Irteeran izena emateko asmoa dutenei lehenbaitlehen egiteko eskatu diete antolatzaileek, plazak mugatuak direla-eta. "Gainera, aurreko irteeretan ez bezala, ezingo dugu plaza kopurua handitu aterpeak beteta baitaude", ohartarazi dute.