Euri txikia ari du eta fresko egiten du gauden garairako. Baina Elgoibarren dena zaio "oso polita" Maria de los Angeles Marita Viscontiri. Argentinarra da, haren lehenengo zortzi abizenek jatorri italiarra duten arren. Alaba Gabriela Aguirre, suin Alex Garate eta biloba Unairekin iritsi berri da Unquillotik (Cordoba, Argentina) eta Elgoibarko Izarrako bulegoan ezagutu dugu elkar. Hilabete egingo dute hemen, eta udaldirako euskarazko eskaintzari buruzko informazio bila etorri dira laurak bulegora. Hemen egingo duten denboran, 7 urteko semea adinkideekin euskaraz harremantzeko bidea egin nahi dute Alexek eta Gabrielak, Atxutxiamaikan izena emanda. Jaio ezkero, euskaraz egin dio beti aitak Unairi, eta orain, gero eta gehiago, amak ere bai, euskara ikasteko ahalegin betean ari delako Gabriela azkeneko urteetan, Euskal Herritik milaka kilometrora. Unaik berak dena ulertzen du euskaraz, baina kosta egiten zaio berba egitea.
Belarriprest da, baina ahobizi(ago) izan dadin nahi dute gurasoek. Eta haiei euskaraz egiteko bidea emateko eta etxekoen artean galduta ez sentitzeko, gutxien-gutxienik belarriprest izan nahi luke amama Maritak. Hiru urte badira bera ere euskara ikasten hasi zela Cordoba hiriko Gerora euskal etxean, eta euskaraz hasi dugu elkarrizketa. "Gutxi eta guztiak hitzak nahasten ditut askotan", dio Maritak, esaldi batean oker erabili dituela konturatu orduko. Nahi genuke "gutxi" hori "guztiek" egingo balute, pentsatu dugu gure baitarako.
Alex da etxetik euskalduna den bakarra familia honetan, baina Gabrielari gaur senarra duena ezagutu aurretik piztu zitzaion euskarara eta euskal kulturara gerturatzeko gogoa. Ama Maritak kontatu du Bigarren Hezkuntzan ari zela hasi zitzaiela alaba Aguirre abizenaz galdezka, 17 bat urte zituela. "Euskal etxera joan nahi zuela esanez hasi zitzaidan eta neuk lagundu nion larunbat batean, baina itxita topatu genuen. Ez bere aitak, eta ez bere aitona-amonek ez zuten sentitu sekula horren beharrik", azaldu du. "Baina, zergatik ez zuten sentitu beharrik? Erantzuna behar nuen nik. Jakin nahi nuen arbasoei buruz; jakin nahi nuen Euskal Herriko zein partetik migratutakoen ondorengoa nintzen; nor zen gure familian hemendik hara joandako lehenengoa, baina zoritxarrez, Argentinan ez dago hemen bezain erraza norbere zuhaitz genealogikoa osatzea. Gure abizena hain da komuna gainera, galduta dagoela Argentinako historian. Noizbait jarri gara ordenagailu aurrean eta lortu dugu, hiru minutuan, Alexen familian 1.600. urtera arteko informazioa eskuratzea. Han pentsaezina da, historiaren parte bat ezabatu egin dutelako, propio. Identitatearena arazo larria da Argentinan", gehitu du aldamenetik Gabrielak berak.
Erabaki sozio-politiko batek ezabatu ditu zenbait jatorritakoak Argentinan -eta munduan-. "Beti izan dira kategoriak, baita abizenen artean ere. Jatorri batzuk jasotzeko ahalegina beti egin izan da, eta beste batzuk, lotsaz-edo, ezkutatu egin dira. Octavio Pazek badu gai honi buruzko liburu zoragarri bat: Laberinto de la soledad". Hunkitu egin da Gabriela jatorriaz eta identitateaz ari dela; sentimendu asko dira barruan pilatuak dituenak. Amaren aldeko lehenengo zortzi abizenak italiarrak ditu [Maritak italiar herritartasuna ere badu], beraz, Gabrielak badu bere jatorriaren erdiaren berri, baina beste erdiaren inguruko historia da falta duena, aguirretarrena. "Gure aitak esaten du Saltakoa zuela birramonetako bat, hango kazike baten alaba. Saltakoek, Argentina iparraldekoek, ez dute sekula Buenos Aires edo Cordobakoek besteko prestigiorik izan, eta parte hori ezkutatu egin izan da beti gure familian, baina gure aitak 80 urterekin ile beltz-beltza du gaur ere, Ameriketako indioen bereizgarritzat daukaguna".
Bere izate mestizo horren parte bat eraikitzeko gogo horri Alex ezagutu izana gehitu zitzaion gero, eta orduan eman zuen Gabrielak Euskara munduan programarako izena euskal etxean, bai eta urtean birritan Argentinan, Uruguain eta Txilen euskal girotze barnetegietan egingo zituzten astebeteko egonaldietarako ere. Gaur, Cordoba hiriko Gerora euskal etxeko kide da Gabriela. Euskara eta dantza eskolak, mintzapraktika saioak, euskal sukaldaritzan trebatzeko tailerrak eta abar luze bat antolatzen dituzte Geroran, eta hantxe ibili zen bost bat urtez euskara ikasten ere, harik eta Unai izan zuten arte. Semea bihurtu zen orduan lehentasuna, eta laga zion euskara eskoletara joateari, baina ez, ordea, euskara ikasteari. Izan ere, etxean, sekula baino euskara gehiago entzuten hasi zen kolpetik Gabriela, Alexek, modu natural batean, semeari euskara transmititzeko ardura jarria ziolako bere buruari. "Eta nik, bost urtean euskara ikasten ibili ondoren, ez nizkion gauza asko ulertzen. Elgoibarko hizkeran hitz egiten zion Alexek Unairi, eta huraxe nahi nik, konturatuta nengoelako Euskal Herrira etortzen
ginen aldietan ere ez niela Alexen gurasoei ezer ulertzen, 'bixar', 'martitzena', 'gustatzen jata' eta halakoekin hasten zirenean. Nik ez nuen liburuko euskara nahi, ez nuen euskara titulurik behar; nik euskara etxekoekin egiteko behar nuen, eta haien euskalkia ikasi nahi nuen".
Euskal Herrira sarriago etortzen ere hasi ziren guraso izan eta gero. "Sei aldiz etorri naiz hona", esan du Unaik erdi ahopean, amaren altzotik [COVIDaren pandemian izan ezik, urtero etorri dira udan, Unai jaio zenetik]. Elkarrizketa jarraitzen ari da bera ere, eta eman diote hitza. Gaztelaniaz hasi da. Elgoibarri buruz dio itsasoa gertu izatea eta jolas parkeko tirolina gustatzen zaizkiola gehien. "Debako tirolina probatu nuen lehenengo eta gero jarri zuten hemen. Argentinan ia sekula ez dut tren geltoki bat ikusi, eta hemen asko daude. Elgoibarren lagun bat egin dut, eta Argentinako nire lagunei euskarazko hitz batzuk ere erakutsi dizkiet: kaixo, agur... haurreskolatik elkarrekin gaude eta eskolatik irten ondoren ere bai", bota du, eta gorde da amaren altzoan berriro. Amak jarraitu du. Gabrielak dio Euskal Herrira maizago etortze horrek are gehiago piztu diola euskalduntasuna; horrek eta baita euskaraz hasten denean inguruko euskaldunak zein eskertuak zaizkion ikusteak. "Gustatzen zait Euskadi Irratia entzutea, filmak euskaraz ikustea... gustatzen zait ulertzeko gai naizela sentitzea, eta gustatzen zait euskal etxean hori indartzeko egiten duten lana".
ERREPORTAJE osorik aste honetako BARREN astekarian