Ia 300 umek hasi dute udako oporraldia Atxutxiamaikarekin eta Ludotekarekin

Barren 2024ko eka. 25a, 11:59

 Atzo hasi zen Atxutxiamaika aisialdi taldeak eta Udal Ludotekak antolatzen duten udako oporraldia. Aurtengoan 294 umek eman dute izena.

Sei programatan banatu dituzte neska-mutilak, adinaren arabera: Apapa, Apariketa, Firin Faran, Antxitxika, Abixadan eta Aldenik Alden. Proiektu bakoitzerako programazio espezifikoa diseinatu dute, talde bakoitzari egokitutako esperientzia bermatuz. Sei koordinatzaile izango ditu egitasmoak eta horien ardurapean jardungo dira 40 hezitzaile eta praktiketan ari diren 13 ikasle. Prestatu duten egitarauak hainbat zehar-lerrotan oinarrituta egin dutela azaldu dute arduradunek. Besteak beste, zentzumenetan, emozioetan, jolas autonomo eta librean, naturan, haur-hirian, hainbat eragilerekin lankidetzan eta garrantzi handiko beste gai batzuetan.
 Proiektu honen helburu nagusien artean, honakoak nabarmendu dituzte: umeen euskalduntzea, parte-hartze aktiboa sustatzea, inklusioan eragitea, pedagogia berdea, parekidetasuna, eraikuntza komunitarioa eta haurren kultura sustatzea. Era berean, herriko hainbat auzo eta txoko bisitatu eta ezagutzeko aukera emango diete haurrei, herriko hainbat eragilerekin elkarreraginean eta haien ingurunea hurbilagotik ezagutuz.


 Erakusketa bat

Familientzako erakusketa bat antolatzeko asmoa ere aurreratu dute. Udako oporraldian ikasitakoak partekatzeko haukera izango dute gaztetxoek. Gainera, txanda bakoitzaren amaieran, haurrek, familiek eta hezitzaile taldeak proiektua ebaluatuko dute. "Ebaluazio-prozesu horri esker, hobetzeko ekarpenak eta iradokizunak jaso ahal izango dira, datozen urteetan udako oporren eskaintza hobetzen jarraitzeko", azaldu dute.
  Ekainaren 24tik uztailaren 19ra izango da aurtengo udaldia.