Eguzkiak; ekiak, gaina hartzen duen hilabetea da ekaina eta udarari ongi-etorria emateko jaia antolatzen du Elgoibarko Izarrak udako solstizioa ematen den egunean; ekainaren 21ean, hain zuzen ere.
Suaren bueltan antolatzen duten arren, ezin izan zuten surik piztu Bolatokiko parkean, baina gainerako osagaiekin osatu zuten jaia. Hasteko, Iera Larrañagak dantzarako pausoak irakatsi zizkien bertaratutako lagunei. Herriko musikarien kantaldia hasi zen gero. Ainhitze Beristainek, Xabier Larrañagak, Maialen Etxeberriak, Noemi Araujok, Olatz Makazagak, Nahia Carrillok, Itxaso Alberdik eta Maddi Arrietak bost kantaren bertsioak jo zituzten, eta ondoren, Ekigain kantua jo zuten.
Ekigain kanta zuzenean
Uxue Alberdiren hitzen gainean sortu du Ekigain kantua Ibar Urizar 'Amorante'k. Iazko Ekigain jaian jo zuen estreinakoz jendaurrean Maalako parkean, eta orain Deustuko El Tigre estudioan grabatu du abestia, Jon Agirrezabala ekoizlearen gidaritzapean eta Hekthor Folk musikari arabarraren laguntzarekin. Amorantek barikuan bertan kaleratu zuen Ekigain kanta, eta zuzenean jo zuten iluntzean, hainbat musikariren laguntzaz: Amorante, Hekthor Folk, Patxi Zabaleta, Amaia Oñederra, Mikel Etxaniz, Inar Urizar eta Gaztenahia koruko gazteak.
Atxutxiamaikak eta Iban Urizarrek antolatu dute Ekigain jaia, Elgoibarko Udalaren eta Kutxa fundazioaren laguntzarekin.
Ekigain jaia, argazkietan: