Udaletik jakinarazi dutenez, hormigoia konpontzea eta bidean dauden kutxetak egokitzeko lanak hasiko dituzte, martitzenetik aurrera, Santa Ana kalean. Ondorioz, ibilgailuentzako zirkulazioa mugatuko dute, eta erabat itxiko dute 2. zenbakitik Eroski supermerkatura arteko kale zatia. Garajeetako erabiltzaileek bakarrik sartu ahal izango dute, eta karga eta deskarga lan puntualak egin behar dituztenek. Eragozpenak gutxitzeko bide alternatiboak erabiltzea gomendatu dute Udaletik.
Artekaleko igogailuaren lanak
Artekalen igogailu publikoa eraikitzeko lanek ere izango dute eragina. Ekainaren 25an, martitzena, 8:00etatik 17:00etara, eskailera mekaniko zaharrak kentzeko lanak egingo dituzte. Lan horiek egiteko, Aita Agirre plazan 24 aparkaleku kendu beharko dituzte. Aipaturiko tarte horretan, oinezkoek ezingo dute erabili Aita Agirre kaleko 1. zenbakiaren aurreko espaloia. Artekale 1 zenbakiko bizilagunek etxera sartzeko "atzerapen txikiak" izan ditzaketela ohartarazi dute Udaletik. "Pazientzia eta ulermena eskatzen dira guztion segurtasunerako eta erosotasunerako beharrezkoak diren hobekuntza horiek egiten diren bitartean", adierazi dute.