Legealdi planak sei ildo estrategiko, 28 helburu eta 91 ekintza zehatz jasotzen ditu, eta jakinarazi dutenaren arabera, 22 proiektu osatu dira dagoeneko, 24 aurreneko urratsetan daude, 35 prozesuan daude eta 13 ekintza hasteke. Horrez gain, Legegintzaldi Planean sartuta ez zeuden beste 13 proiektu hasi dituztela azaldu dute, hala nola, Olaizaga kiroldegiko igerilekuen estalkia berritzea, Mintxeta estadioa argiztatzea, Herri Eskolako kanpoko patioaren estalkia eta AuzoTaxia martxan jartzea edo udalbusaren zerbitzua hobetzea.
Osatutako proiektuak
Osatu diren proiektuen artean honako hauek aipatu dituzte: ludoteka berriaren zerbitzuaren doakotasuna, aisialdi inklusiboko eskaintza bat sortzea, TREBA Gurasoak eta Gazteak formakuntza saioak, Umeen Txokoa sortzea, negozio berriak bultzatzeko laguntzak sustatzea, Euskaraz Barra-Barra markaren bidez euskara sustatzea, kirola eta jarduera fisikoa sustatuko dituzten jarduerak bultzatzea, herritarrekin eta tokiko eragileekin egiten diren topaketak sistematizatzea, elkarteen egonkortasuna sustatzea, gazteek sortu eta zuzentzen dituzten ekimenak bultzatzea, gobernantza "ireki, zintzo, eraginkor eta eraginkorra" abian jartzea, herritarren hizkuntza eskubideak bermatzea eta euskarazko administrazio harremanak bultzatzea, Eskola Kirola eredu berria sustatzea, Berdintasun Plan berria idaztea eta STEAM emakumeak bultzatzea, Zuhaiztiak Babesteko Ordenantza sortzea, LGTBIQ+ pertsonen ongizatea bermatzeko programak edota auzotaxia.
Abian daudenak
Martxan dauden ekimenen artean, bestalde, esan dute Udala elkarteekin lanean ari dela saltoki txikiak dinamizatzeko eta tokiko kontsumoa sustatzeko; begiraleak genero-berdintasunean prestatzeko, eta Mintxeta, Olaizaga eta IMHko kirol-instalazioak hobetzeko. Kirolean ere euskararen erabilera sustatzen ari direla aipatu dute, eta lan-mundurako hezkuntza-trantsizioa indartzen, "emakumeak ikusaraziz". Etxebizitza-politika berriak bultzatzen ari direla esan dute, alokairu-proiektuekin eta dirulaguntzekin. Era berean, irisgarritasuna hobetzeko lanean ere ari dira, eta horren erakusle King Kong zubia eta Artekaleko igogailua aipatu dituzte.
Esparru sozialean, adinekoen ongizaterako eta adikzioen prebentziorako proiektuak garatzen ari direla azaldu dute, eraso matxisten aurkako protokoloa eguneratzen eta osasunari buruzko kirol-ikastaroak eskaintzen. Horrez gain, tokiko artistak ikusarazteko lanean dihardutela aipatu dute, eta baita ere lana eta familia bateratzeko ahaleginean. Honen harira, azpiegitura eta zerbitzuen hobekuntzak abian direla esan dute, hala nola Eulogio Estartako etxebizitzak birgaitzea, landa-bideak egokitzea eta eraikin publikoetan instalazio fotovoltaikoak handitzea.
Gizarte-ekipamenduei eta etxebizitzari dagokienez, Errezabal Egoitza nabarmendu dute proiektu estrategikoen artean: Emandako informazioaren arabera, 2024ko amaieran hasiko dituzte obrak eta 2027an egoitza abian egotea dute helburu. Merkatu plazan egin asmo duten osasun zentroaz berriz, 2024an proiektua lizitatu eta 2025ean obrak hastea aurreikusi dute. San Lazaron tutoretzapeko etxebizitzak eta egungo anbulatorioko eraikinean gazteentzako alokairu-etxebizitzak eraikitzea bultzatzen ari direla esan dute, eta, alokairurako laguntzak zabaltzea aztertzen ari direla.
Maialen Gurrutxagak esan du helburua "Elgoibar hobe bat" eraikitzea izan dela hasieratik, eta legealdiko lehen urte hau "erabakigarria" izan dela legegintzaldiak lehen fruituak eman ditzan.