Azahara Dominguez Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatua Elgoibarren izan da

Barren 2024ko eka. 19a, 17:07

Elgoibarri eragiten dioten mugikortasun-gaiak jorratzeko eta bi erakundeen arteko lankidetza sendotzeko bildu ziren joan zen astean Azahara Dominguez Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatua eta Maialen Gurrutxaga alkatea, Elgoibarren. 

Bi ordezkariek datorren ikasturtearen hasieran Elgoibar eta Donostia lotzen dituen Lurraldebus zerbitzua indartzeko aukeraz jardun ziren. Udaletik jakinarazi dute alkateak Udalak aurreikusten dituen beharrak helarazteko konpromisoa hartu zuela batzarrean, eta erabiltzaileen eskariak hala adierazten badu, zerbitzua indartzeko prest agertu zela diputatua. 

Informazio-panelak geltokietan

Lurraldebuseko geltokietan informazio-panelak jartzeari dagokionez, alkateak azaldu zion hirigunean egiten ari diren zenbait obragatik geltoki batzuk lekuz aldatu behar izan dituztela behin-behinean, baina egoera lehengoratzen denean, geltokietan informazio-panelak jartzeko eskatuko diola departamentuari.
Gaur egun hiri-autobusak ematen duen zerbitzua handitzeko eta herriko auzoen arteko lotura hobetzeko, Udala mugikortasun-plana prestatzen ari dela ere azaldu zion Gurrutxagak diputatuari. Zentzu horretan, Azahara Dominguezek, Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzako lehendakariordea ere badenak, hiri-zerbitzu hori Mugin integratzeko laguntza emateko konpromisoa agertu zuen, Gipuzkoako beste udalerri batzuetan egin duten bezala.

 “Ezin dugu ahaztu Gipuzkoan jende askok ez duela ibilgailu pribaturik eta, beraz, mugitzeko modu bakarra garraio publikoa dela. Garraio publiko eroso, seguru, irisgarri, lehiakor eta jasangarri batekin bakarrik egin ahal izango dugula aurrera Gipuzkoa kohesionatuago eta bidezkoago baten eraikuntzan uste dugu”, adierazi du Domingezek.

Ziztu unibertsitate-elkartea

Ziztu unibertsitate-elkartea ere izan zuten hizpide. Elkarte horrek Gipuzkoako hainbat herritako (Zumaia, Zestoa, Azpeitia eta Azkoitia, Getaria eta Mendaro) unibertsitateko ikasleak Bizkaiko unibertsitate-campusetara eramaten ditu egunero, eta Mugin integratuta balego izango lukeen antzeko kostuarekin ematen du zerbitzua. Elgoibarko bizilagunen batek elkartzeko interesa badu, elkartearekin harremanetan jar daiteke www.ziztuelkartea.eus orriaren edo ziztuelkartea@gmail.com helbide elektronikoaren bidez.