Dolmenen Ibilbidearen (PR-Gi 94) balio arkeologikoa ikertzen jarraitzeko asmoz, Elgoibarko, Bergarako eta Soraluzeko Udalek, Debegesa Debabarreneko Garapen Agentzia eta Aranzadi Zientzia Elkartearekin lankidetzan, esku-hartze arkeologikoak egin dituzte 2012az geroztik.
Programa honen helburua da Elosua-Plazentziako Estazio Megalitikoa ikertzea, kontserbatzea eta balioestea, hura osatzen duten monumentuetan indusketak eginez eta aztarnategi berriak aurkitzeko prospekzioak eginez.
Indusketa-lanak ekainean
Atxolin trikuharriaren indusketa egiten ari dira une honetan, eta Aranzadi Zientzia Elkartea boluntarioen bila dabil programan laguntzeko. Parte hartu nahi dutenak Jesus Tapia arkeologoarekin jar daitezke harremanetan, 676 490 143 telefono-zenbakira deituta edo jtapia@aranzadi.eus helbideara idatzita.
Atxolin trikuharriko indusketa lanak
Atxolin T. Aranzadik, J.M. Barandiaranek eta E. Egurenek indusi zuten 1921ean eta gailurreko haitzen artean dago, 850 metroko altueran. Monumentuak zazpi metroko tumulu bat dauka eta hil-ganbarako harlauza batzuk erdiko zuloan erorita daude. Egitasmoaren helburuak dira monumentuaren egitura arkitektonikoa eta kronologia zehaztea, eta hileta-errituekin lotutako materialak berreskuratzea. Aranzadiko kideak lanean topatu genituen joan den barikuan (bideoan).
Ikerketa arkeologikoak Aranzadi Zientzia Elkarteak udan garatzen dituen jarduera nagusietako bat dira. Koba, dolmen, herrixka, termagune, gaztelu, ermita eta abarretan erregistratzen den informazioa ezinbestekoa da gure iragana ezagutzeko eta gure ondarea kontserbatzeko. Parte hartzeko, laguntzeko eta ikasteko interesa duten pertsonen eskariari erantzuteko, informazio-liburuxka bat kaleratu du Aranzadik; bertan, Aranzadik 2024an jendearentzat zabalik dituen indusketen oinarrizko informazioa aurki daiteke. Aurten mantenu eta garbiketa lanak ere eskeini dituzte.
Dolmenen Ibilbideko bisita gidatuak martxan
Dolmenen Ibilbideko bisita gidatuen programak martxan jarraitzen du, interesa dutenek informazio gehiago aurki dezakete eta aldez aurretik izena eman lotura honetan: Dolmenen Ibilbidea.
Hurrengo bisita gidatua ekainaren 30ean izango da, gazteleraz.