Ohi duten moduan, Lanbide heziketako graduazio ekitaldiarekin batera banatu zituzten IMH sariak, joan den ekainaren 13an. Hona hemen irabazleak eta esaria jasotzeko egin dituzten merituak.
Ikasle ohi aipagarria: Aitor Alberdi
IMHtik jakinarazi dutenez, ibilbide profesional eredugarria izateagatik jaso du Aitor Alberdik (Elgoibar, 1995) Ikasle Ohi Aipagarriaren Saria. "Erakutsi dituen ekintzailetza, ausardia eta ahalegina moduko balioak aitortu nahi izan ditugu", adierazi dute. Alberdi batxilergoa egin ostean iritsi zen IMHra, Fabrikazio Mekanikoko Programazioaren Produkzioko goi mailako heziketa zikloa ikastera. Fabrikazioko ikasketen bigarren urtean enpresa praktikak egin ondoren, lau aurtez mekanizazio munduko enpresetan jardun zuen lanean esperientzia "nabarmena" pilatuz. Tarte horretan hazi zitzaion bere kabuz lanean hasteko gogoa. "Familian bazuen negozio propioaren adibidea eta Aitorrek ere bere burua gai ikusi zuen pausoa emateko". Beraz, egin beharrekoak prestatu eta, duela sei urte ibilbide berriari ekin zion: Sallobente Torneados enpresa sortu zuen, AFMEC taldeko partaide izanik. Doitasunezko torneaketa konbentzionalean espezializatu da eta plano edo laginean lan egiten du: mota guztietako hariak, konoak, gorputz gutxiko piezak, multzo doituak, pieza karratuen torneaketa, eta abar. Saria jaso ostean honako gomendioak egin zizkien IMH Campuseko ikasleei, besteak beste, pazientzia handia edukitzea pazientzia, egiten dutenean gogo guztia jartzea eta gustoko duzun horretan jardutea. Saritzat, Arturo Andrade eskultorearen Elgoibarko arkuaren eskultura eta Elgoibarko jatetxe batean dastatzeko menua bi lagunentzat jaso zituen Alberdik, IMH LHIIko zuzendari Alaitz Bastidaren eskutik
Ikasle aipagarria, espezializazioan
Haitz Arrastia Otegi tuterarra izan da aurtengo lanbide heziketako espezializazioko ikasle aipagarriena. IMHn espezializazioa egin aurretik Tuteran ikasi zuen Produkzioaren Programazioa. "Gure Fabrikazio Aditiboko espezializazioaren enpresa-praktikak Mausan egin ditu eta orain lan munduan hasteko asmoa du", adierazi dute IMHtik. Diploma eta 300 euroko Txankakua merkatararitza elkarteko bonoak jaso ditu opari.
Ikasle aipagarria, goi mailan
Iker Zubiaurre Iriondo elgoibartarra izan da aurtengo Goi Mailako Heziketa Zikloetako ikasle aipagarriena. Mekatronika Industriala ikasi du, praktikak Polonian egin ditu Erasmus+ programaren bidez, eta ingeniaritza ikasten jarraitzeko asmoa du. Diploma eta 300 euroko Txankakua merkatararitza elkarteko bonoak jaso ditu opari.
Ikasle aipagarria, erdi mailan
Erdi Mailako heziketa zikloen aldetik, Aiara Azcune Corta azpeitiarra izan da aurtengo ikasle aipagarria. Mekanizazioa ikasi du, enpresa-praktikak Eika Automation-en egin ditu, eta zalantzan dago, goi-mailako Fabrikazioko zikloa egin ala lanean jarraitu. Diploma eta 300 euroko Txankakua merkatararitza elkarteko bonoak jaso ditu opari.
Ikasle elgoibartar aipagarria
Eta aurtengo ikasle elgoibartar aipagarriena, goi-mailako espediente onenaren saria eskuratu duen ikasle berbera da: Iker Zubiaurre Iriondo.
Enpresako jarraipen koaderno aipagarria
Lantokiko prestakuntza edo eredu dualean ikasten ari diren ikasleek enpresan egiten duten jarduerari buruz egindako deskribapen-txosten onena saritu nahi izan dute aurten. Erdi mailan Mekanizazioko Imanol Iciar Lazkano izan da saritua, eta goi mailan Fabrikazio Mekanikoko Diseinuko Aitor Escartín Lopetegi. 100 euroko erosketa bono bana jaso dute saritzat.
Talde-lanaren balioaren saria
Korta enpresak babestutako Talde-lanaren balioaren saria ere banatu zuten, talde-lan aipagarriena gauzatu duten ikasle-taldeei aitortza egiteko. Sei talde saritu zituzten guztira.
Ekitaldiko argazki giuztiak eta informazio osoagoa: imh.eus
Sari banaketa ekitaldiko laburpen-bideoa: