Sarriugartek eguneroko bat egin du, bai entseguetan, bai emanaldietan sortu den giroa azaltzeko. "Egun horietako sentsazioak transmititu nahi izan ditut; teatroaren moduak jendearengana iristeko asmoz", azaldu du.
Usurbilgo Udalak eta Jakin fundazioak Joan Mari Torrealdairen "izena eta izana" biltzeko asmoz sortu zuten haren izen bera daraman beka, eta Torrealdairen atxiloketa eta miaketa unean desagerrarazitako artxiboa du abiapuntu 'Artxibo biluzia' antzezlanak, bekaren lehen edizioa irabazi zuen proiektuak.
Metrokoadroka kolektiboko Idoia Beratarbide eta Oier Guillan artxibo hutsaren aurrean kokatu dira azken bi urteotan, zerekin bete nahiko lukeen galdetzeko aurrean duenari. Artxibo biluziak egitasmoak, baina, askotariko formak izan eta hartu ditu beka irabazi zuenetik. Honela azaldu dute Metrokoadroka kolektiboko kideek: "Joan Mari Torrealdai Bekak ikertzeko eta esperimentatzeko aukera paregabea eman digu. Lehenik pieza eszenikoa izan da, ondoren tailerra, azkenik Usurbilen aurkeztu dugun liburua".
Izan ere, ikerketa martxan jartzean, taldea handituz joan da eta kide gehiago aritu dira norbere ekarpena ontzen, dokumentazio lanetik narraziora eta narraziotik Intza Alkain eta Javier Barandiaranek gorpuztutako pieza eszenikora, Danele Sarriugarte testuetan, Maria Elortza bideogintzan... Idoia Beratarbidek azaldu du liburuxkaren prozesua, biluzik utzi zuten artxiboa oroitarazten duen artxibategiko karpeta formatuan argitaratu dutena, eta barruan formatu bat baino gehiago kabitzen dituena. Esaterako, Maria Elortzaren bideoa biltzen duen txartela, edota jendaurreko emanaldietan ikusleek utzitako desirak biltzen dituen tolesgarria. Hain justu, Elortzak ondutako dokumentala Danele Sarriugarteren poema batekin amaitzen da.
Artxibo Biluzia liburu kolektiboari buruzko informazio osoa: metrokoadroka.eus
"Artxibo biluzia" proiektuko sustatzaileek Usurbilgo Zumarteko ganbaran eginiko agerraldian azaldu zituzten proiektuaren nondik norakoak, aurreko astean. Agerraldiko bideoa eta informazio osoa: noaua.eus-en Usurbilgo toki komunikabidean.