Ehunka lagunek hartu zuten parte Artarrai mendi taldeak eta Hiru Txikiak Trail taldeak antolatutako ekimen berezian. Zapatuan izan zen erronka, eta Urkora joan etorriak egiten aritu ziren, hamabi ordutan etenik gabe, 07:00etatik 19:00etara. Partaide guztien artean ia 700 igoaldi egin zituzten.
Parte hartzaileen artean izan zen CATT Morkaiko trail taldeko laukote bat ere (argazkian). Ander Rodriguezek igoera bat osatu zuen, bi igoera Jose Luis Diez "Txelu"k, lau igoera Iker Arrillagak eta zazpi igoera egin zituen Denis Saizek. Igoera bakoitzak 7 kilometroko ibilbidea zuen.
Erronka deigarria zen batzuentzat, desafio tentagarria; kirolaren bitartez elkartasuna erakusteko aukera beste askorentzat. Lagun kuadrillek eta familia osoek hartu zuten parte; egon zen goizean joan eta arratsaldean errepikatuz igoera bikoiztu zuenik eta baita lau, bost, sei… bederatzi aldiz tontorra egin zuenik ere. Baina igoerarik hunkigarriena eta haren baten ahaztezina bizi izan zuten Urkoko tontorra euron eskuekin jo ahal izan zuten mugikortasun murriztuko hiru lagunek: Iñigo, Amets eta Oier. Montes Solidarios, Ezina Ekinez Egina, Zure irifarra Nire Indarra eta Marea Urdina Elkarteen laguntza ordainezinari esker, aterri zela aprobetxatuz, jarleku berezietan kokatuta sei-zortzina boluntariok altxatu zituzten gailurreraino, eta txalo eta animo artean hartu zituzten bertan. Hunkituta beraiek eta euron irribarrea ikusten are emozionatuago lagundu zituzten ezker-eskuma eta aurre-atzean jarrita goraino eraman zituzten garraiatzaileak.
Probako kronika eta irudiak Ermuko eta Mallabiko drogetenitturri toki komunikabidean