Realak ere hartuko du parte LaLiga FC Futures izeneko nazioarteko torneoan, eta C.D. Elgoibarreko alebinen taldeko atezaina den Teo Galdona Palomino (Elgoibar, 2012) deitu dute txapelketan parte hartzera. Duela urte eta erdi Realaren deia jaso zuen C.D. Elgoibarreko gaztetxoen entrenatzaile den Santi Carrascosak; Teo Galdonak Realaren teknifikazio saioetan parte hartzea nahi zuten. Harrezgero, talde txuri urdinak hainbat entrenamendu eta txapelketerara deitu du Galdona, Elgoibarreko jokalaria izaten jarraitzen duen arren. Horietan garrantzitsuena Madrilen jokatu zuten txapelketa bat izan zela azaldu du Teoren aita Koldok. "Realaren deia estreinakoz jaso genuenean asko poztu ginen eta Reala moduko talde baten deia jaso izana handia zela azaldu nion semeari. Harrezgero gehiagotan deitu dute eta Euskadiko selekzioarekin ere behin baino gehiagotan aritu da. Badakigu egun batetik bestera amaitu daitekeela hau, eta hala esaten diot berari ere, unea gozatzeko. Eta orain Orlandora joateko aukera hau sortu zaigu", azaldu du aitak.
Realak Bartzelona eta Inter Miami izango ditu aurkari
Hamabi talde lehiatuko dira Orlandon, lau multzotan banatuta. Realak Bartzelona eta Inter Miami izango ditu aurkari bere multzoan. Lionel Messi izar handiaren egungo taldea da Miamikoa eta bere semeetako batek jokatzen du alebinen taldean. "Amesten jarrita Messiren semeak jaurtitako penalti bat geratzeko aukera izan dezake Teok, berari presio gehiago jarri nahi izan gabe, datu kurioso moduan aipatzen dut", dio aitak irrifar batekin. Txapelketa honen inguruan ezer gutxi zekiela aitortu baitu.
Txapelketa garrantzitsuenetarikoa
LaLiga FC Futures txapelketa 12 urtez azpiko munduko futbol txapelketa garrantzitsuenetarikoa da, eta hortaz, erakusleiho handi bat ere bai. Espainiako Ligak eta José Ramón de la Morena Fundazioak elkarlanean sortu zuten 2014an. Urtez urte harrobiko jokalariekin lan egiten duten munduko talderik onenak batzen ditu txapelketa honek. Lehenik Espainian jokatzen dute (urtetik urtera aldatzen dute egoitza), eta duela zortzi urtetatik hona, Ameriketan ere antolatzen dute nazioarteko txapelketa bat, ekainean. Espainiako Ligak zale estatubatuarrengana hurbiltzeko helburuarekin antolatzen dute txapelketa hau AEBtan, eta baita AEBetako futbolaren hazkundean laguntzeko ere. Lehen bost edizioak New Yorken egin zituzten eta Orlandon azken biak.
Azken bi urteetan Atletico Madrileko taldeak gailendu dira. Aurtengoan Espainiako Ligako zazpi talde lehiatuko dira Orlandon: Reala, FC Barcelona, Atlético de Madrid, Real Madrid, Villarreal CF, Sevilla FC eta Betis. Horiekin batera hiru talde estatubatuar (Inter Miami, Ideasport eta Orlando City), Brsailgo Flamengo taldea eta Hassania Agadir talde marokiarra.
Orlandoko ESPN Wide World of Sports kirolgunean jokatuko dute txapelketa, pandemia garaian NBAko saskibaloi jokalariek "burbuila" eran txapelketaren azken zatia jokatu zuten leku berean. 890.000 metro koadroko kirol konplexu erraldoia da, era guztietako kirol guneak dituena.