EH Bilduri botoa emateak Euskal Herriak eta estaturik gabeko beste nazio batzuek dituzten eskubideak defendatzeko balio duela azpimarratu zuten bi legebiltzarkideek, eta baita "faxismoari eta militarismoari ateak ixteko" ere. Gogora ekarri zuten Europan erabakitzen diren politikek zuzenean eragiten dietela herritarrei, eguneroko alor askotan, besteak beste, hipoteketan aplikatzen diren interes tipoetan edo nekazaritza eta ingurumenarekin lotutako politiketan.
Gasteizko ganberan EH Bilduren bozeramailea den Kortajarenaren berbetan, inkestek aurreratzen dutena betez gero, alegia, Europako alderdi ultraeskuindarrek bigarren indarra izatea lortzen badute, arriskuan jarriko dira kostata lortutako hainbat eskubide, eremu askotarikoak: "emakumeen, migratuen, langileen eta euskararen aldeko eskubideak, besteak beste", aipatu zuen.
EH Bildu “Orain Errepublikak” koalizioaren baitan aurkeztu da ekainaren 9an egingo diren Europako hauteskundeetara. "Espainiako Estatuko beste alderdi ezkertiar eta independentistekin joateak Euskal Herriaren ahotsa Europan ozenago entzunarazteko balioko digu. Eta aurreko hauteskundeetan erakutsi dugun bezala, oraingoan ere bultzada handia emango diogu Europan dugun presentziari", esan zuten Kortajarenak eta Astigarragak Maalan egin zuten ekitaldian.