Debegesak antolatzen du eskualdeko ikasleentzako erronka hau, eta garapen agentziako ordezkariez gainera, Eibarko alkate Jon Iraolak eta Laboral Kutxako ordezkari Karlos Barrenetxeak ere hartu zuten parte sari banaketa ekitaldian, Laboral Kutxa izan baita sarien babeslea. Niala mago elgoibartarrak gidatu zuen ekitaldia, iaz Elgoibarren egin zuten sari banaketan moduan. Hala, zientzia eta teknologiarekin lotutako magia ikuskizunaz gozatzeko aukera izan zuten sari banaketara gerturatu ziren 230 ikasleek.
Eskualdeko 11 ikastetxek parte hartu dute ikasturte honetan, eta 30 esperimentu aurkeztu dituzte, iaz baino hiru gehiago. Honakoa da parte hartu duten ikastetxeen zerrenda: Debako Luzaro HLHI, Mutriku BHI, Elgoibar BHI, Elgoibar Ikastola, Ermuko Anaitasuna Ikastola eta San Lorenzo Eskola, Mutrikuko Goizeko Izarra Ikastola eta San Miguel Ikastetxea, Eibarko Amaña HI eta Arrateko Andra Mari Ikastetxea eta Mallabiko Learreta-Markina Eskola.
Antolatzaileek bi irizpide erabili dituzte irabazleak aukeratzeko, eta horietako bakoitzak % 50eko pisua izan du azken puntuazioan. Alde batetik, esperimentuak jasotzen zituzten bideoen ikustaldiak zenbatu dituzte, eta, bestetik, epaimahaikideek irizpide jakin batzuk kontuan hartuta esperimentuak puntuatu dituzte. Horren guztiaren baturatik atera dira irabazleak, honako hirurak:
- LH 3-4: Elgoibar Ikastola LH 4 Energia berriztagarrien maketa
- LH 5-6: Goizeko Izarra Ikastola LH 5 Eidofonoa
- DBH 1-4: Mutriku BHI DBH 3 Energia iturriak
'We Make Debabarrena! STEAM' erronka antolatzaren helburuak ikasleek eta zentroek STEAM bokazioak sustatzeko egiten duten ahalegina erakustea eta STEAM hezkuntza balioan jartzea direla adierazi dute antolatzaileek, eta eskerrak eman dizkiete ekimenean parte hartu duten ikasleei, prozesuan zehar erakutsitako "gogo eta kemenagatik", eta epaimahaikideei beren lanagatik eta STEAM arloak balioan ipintzen laguntzeagatik.
Hiru kategoriatan sailkatu dute erronka: LH3-4, LH5-6 eta DBH. Bideoak honako estekan ikusi daitezke: STEAM Erronka 2024 | BPTD Makers. Hona saria lortu duten hiru esperimentuen bideoak: