Lanbide Heziketara hurbiltzeko kanpaldia

Barren 2024ko mai. 31a, 19:29

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza (DBH) amaitzerako, etorkizunean zer izan nahi luketen pentsatu behar izaten dute ikasleek, zer ikasten jarraitu alegia. 

Aukera desberdinak izaten dituzte une horretan, nagusienak bi: Batxilergoa egin, ondoren unibertsitaterako bidea hartzeko edo Lanbide Heziketarako eman izena, erdi mailako ikasketak egiteko. Eta IMHk Kanpaldi Teknologikoa antolatu du aurten estreinakoz, DBHko ikasleei Lanbide Heziketa aurkezteko.

Erabakiak hartzean datza bizitza, eta ikasleei ere iristen zaie etorkizunerako erabakiak hartzeko unea. DBH amaieran hartu behar izaten da lehenengo erabaki nagusia, 16 urterekin: Batxilergoa egin ala Lanbide Heziketarako bidea hartu?. Erabaki horrek ezarriko du ikasle bakoitzaren etorkizunerako
oinarria, eta erabaki garrantzitsua izaten da. Ikasle askok argi izaten dute bidea, baina zalantzan egoten dira beste asko, eta egoera horretan ikastetxearen eta orientatzailearen laguntza ezinbestekoa izaten da. Egoera horretan dauden ikasleei bidea argitzeko asmoz, Kanpaldi Teknologikoak antolatu ditu aurten estreinakoz IMHk.

Eli Moreno psikologoa da IMHko Goi Mailako orientatzailea, eta bera izan da Kanpaldi Teknologikoaren arduraduna. Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin antolatu dute programa, DBHko ikasleei etorkizunerako argibideak emateko asmoz. Elgoibar Ikastolak eta Soraluzeko Institutuak hartu dute parte egitasmoan, eta Elgoibar BH Institutuko ikasle bat ere joan da bere kabuz. 15 ikasle izan dira guztira, DBH3koak, DBH4koak eta Batxilergoko
bat. Astebete iraun du kanpaldi teknologikoak, eta astebete horretan DBHko ikasleek ikastetxeko lanak laga eta IMHn jardun dira, Lanbide Heziketa bertatik bertara ezagutzen. "Iruditu zitzaigun egiten ikastea izango zela onena, ikastetxean bertan murgildu eta Lanbide Heziketako alor guztiak erakutsi dizkiegu", azaldu du Eli Morenok. Irakaste prozesua bera ere berezia izan da, eta IMHko Lanbide Heziketako ikasleak izan dira aste horretan irakasle. "Parekideekin egindako programek erantzun hobea dutela uste dugu, eta horrela gure ikasleei ere esperientzia berri bat eskaini diegu, zeharkako konpetentziak lantzeko eta ahalduntzeko aukera emanez".

Irakurri osorik erreportajea BARREN astekariko 1330. zenbakian