Euzkadi Buru Batzarraren presidente Andoni Ortuzarrek, EAJ-PNVren eta CEUS koalizioaren zerrendaburu Oihane Agirregoitiak eta Aitana Agirre Gipuzkoako hautagaiak hartu zuten parte mitinean, baina horiez gainera alderdi jeltzaleko aurpegi ezagun ugari gerturatu ziren Elgoibarrera.
Europa eredu zehatz bat defendatzera joan nahi dutela Europara esan zuen Ortuzarrek: "Europa demokratikoagoa, Europa bidezkoagoa, Estatuen presiotik askatuko den Europa bat; Europa bat mundura irekia, bakegilea, giza garapenaren eragilea; Europa oparoa, Txina eta AEBrekin lehiatu ahal izango dena eta, ondoren, aberastasun hori erabiliko duena europar hiritarren artean ondo banatzeko. Europa gaur da munduan askatasun- eta demokrazia-mailarik handiena eskaintzen duen lurraldea. Ezin dugu horretan atzera egin: alderantziz, aurrera begiratu behar dugu eta eredugarri izan mundu osoarentzat. Horixe da EAJk nahi eta defendatzen duen Europa. Horixe da Europako Parlamentuan lortu nahi dugun Europa. Oihane eta Aitanaren Europa, Bruselan defendatuko duen hautagaitza osoarena”, esan zuen.
EAJk bere webgunean jarri ditu osorik hiru hautagaiek Elgoibarren eginiko adierazpenak.