Elgoibarko Udala herri barruko autobus zerbitzuaren ibilbidea zabaltzeko lanean ari da, eta gehiengoa definitua duela azaldu du. Ordutegia ere aztertzen ari dira, auzo horietako bizilagunak erdigunera gerturatzean trena hartzeko aukera izan dezaten. Izan ere, Udalbusaren ordutegiak Euskotrenekoekin bateragarriak izatea nahi dute. Horretarako sei ibilbide ipiniko dituzte, hiru goizez eta hiru arratsaldez, urrunen dauden auzoak eta tren geltokia lotzeko. Autobusera igoteko irisgarritasuna ere hobetuko dutela gaineratu dute, mugikortasun arazoak dituzteneei autobuserako sartu irtenak errazte aldera. Egitasmo hau "nahiko aurreratua" dagoen arren, azterketa ekonomikoa egitea falta zaiela zehaztu dute. Udalak, Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak egingo dute bideragarritasun azterketa hori.
15 minutuko TAO sistema
Era berean, Udala aparkaleku arautuaren ordenantza aldatzeko lanean ari da. Doakoa izaten jarraituko duen arren, bada berrikuntzarik. Maala inguruan 15 minutuko TAO sistema ezarriko dute, hamar bat aparkaleku ingururi eragingo diona. Txarridunako biribildunearen inguruan eta Toletxe kale hasierako ezkerreko aldean dauden aparkalekuetan 15 minutuz aparkatzeko aukera egongo da, tiketa jarrita. Erabaki honekin inguru horretan bigarren ilaran aparkatzen duten auto kopurua gutxitu nahi dute.