Burmuinak martxan egitasmoaren baitan ingeniaritza ikasleekin batera garatu duten proiektu zientifiko teknologikoa aurkeztu dute Herri Eskolako LH6ko ikasleek Berritzegune Nagusiak antolatutako Berrikuntza hauspotzeko praktika inspiratzaileak jardunaldietan. Zehazki, edatekoa ez den ura edateko ur bihurtzen duen makina diseinatzeko eta maketatzeko erronka azaldu dute.
Ikasleek jarraitu dituzten pausoen berri ematen duten panel informatiboak, egin dituzten ikerketak, metodo zientifikoa jarraituz egindako esperimentuak, gaiaren inguruan sortutako aldizkari zientifikoak, makinen diseinuak eta horien maketak erakutsi zituzten ikasleek Leioako Campusean. Herri Eskolatik azaldu dutenez, aurkeztu zuten egitasmoak ikusmina sortu zuen jardunaldian parte hartu zuten profesionalen artean.
Burmuinak Martxan egitasmoaren laugarren edizioa izan da aurtengoa eta bigarrengoz gonbidatu dute Herri Eskola. Orain bi urte Kantabriako Proa+ jardunaldietan hartu zuten parte.