Eduardo Txillidak burdinarekin izan zuen harremana oinarri hartuta, panel berezi bat prestatu dute eta Erreminta Makinaren Museoan egin diote lekua, artistaren jaiotzaren 100. urteurrenaren ekimenen barruan. Mikel Txillida artistaren bilobak eman ditu azalpenak, eta aitonaren ibilbidearen nondik norakoak laburbildu ditu, bereziki, burdinarekin izan zuen harremana azalduz. Eduardo Txillida eta bere emazte Pili Belzunce Paristik itzuli zirenean bere artea agortuta zegoela uste zuen artistak, eta une hartan emaztea izan zen aurrera egiteko bultzada eman ziona. Artistaren ibilbidean "amatxik" izan zuen garrantzia ere nabarmendu du aurkezpenean. Hernanin jarri ziren bizitzen, hain zuzen ere, Manuel Illarramendi errementariaren tailer aurrean. Illarramendik egunez egiten zuen bere lana sutegian, eta Txillidak, gauez. Han izan zuen estreinako harremana burdinarekin, eta ordutik, beste material batzuk ere erabili arren, ez zuen burdinarekin zeukan harremana eten.
Aurkezpen ekitaldian Rafa Zulaika eta Iker Garcia museoko arduradunak, IMHko Ixaka Egurbide eta Edurne Bilbao eta Kutxabankeko ordezkariek hartu dute parte.