A eta B saileko dantzariak lehiatu ziren finalean, hau da: A sailean 8-9-10 urtekoak, eta B sailean 11-12-13 urtekoak. B sailekoekin lehiatu zen Unax Ansola elgoibartarra, eta hirugarren postua eskuratu zuen Inazio Bereziartua eskolako ordezkariak. Ansola txapeldunorde izan zen 2021eko finalean, A sailean orduan. Orain, berriro ere podiumera igotea lortu du. Dantzari gazteak urte guztian erakutsi duen maila goraipatu du Jon Lizarralde dantza irakasleak: "Unaxek maila aparta erakutsi du bai ligan eta baita finalean ere. Gainera, koreografiarik zailenak prestatu eta dantzatu zituen finalean dantza egin beharreko bi piezetan. Ligan hirugarren postua lortu zuen eta finalean ere podiumera igotzea lortu du, emaitza bikaina lortuz", esan du maisuak.
B sailean Amasa-Villabonako June Aguadok irabazi du txapelketa eta Nora Davila zizurkildarra izan da txapeldunorde. A Sailean Lur Lacasta (Lezo) izan da txapeldun eta Hugo Haro txapeldunorde.
Honekin bukatu dira aurtengoz gazteen aurresku txapelketak. Lehian aritu diren dantzari elgoibartarrek maila handia erakutsi dutela esan du Lizarraldek eta guztiak zoriondu ditu. "Zoragarri egin duzue lan urte guztian. Biba zuek!".