Danel Garaizabalek bigarren egin du Oiartzunen, baina erakutsi duen kiroltasuna bera da lorpena baino handiagoa

Barren 2024ko mai. 27a, 11:15

Danel Garaizabal eta Aratz LarraƱaga, batera edo bestera biak txapeldun, podiumean.

Elgoibarko Lagun Taldeko Danel Garaizabalek (Besa-Laboral Kutxa) bigarren egin zuen zapatuan Oiartzunen jokatu zuten BTT lasterketan, baina podiumera igo izana bera baino garrantzitsuagoa da erakutsi zuen kiroltasuna.

Oiartzungo Urkabe mendiko zirkuitoan jokatu zuten lasterketa infantil mailako txirrindulariek, biharamunean kadeteetatik gorakoek Euskadiko XC Txapelketa jokatu zuten zirkuito berean. Dorletako Ama txirrindularitza eskolako Aratz Larrañaga zihoan zapatuan lasterketa buruan, erakustaldia emanez, baina azkeneko itzulian katea irten zitzaion, eta hori ikustean, bigarren postuan zihoan Danel Garaizabal elgoibartarra gelditu egin zen helmugatik metro gutxitara, lagunari pasatzen uzteko. Hala, Aratz Larrañagak egin zuen lehenengo, Danel Garaizabalek bigarren eta Beñat Priegok hirugarren. Elgoibarko Lagun Taldeko Eneko Lameirasek ere jokatu zuen lasterketa hau, eta seigarren egin zuen sailkapen nagusian. 

Garaizabalek erakutsitako kiroltasunak izan du oihartzuna. Podiumera igo zirenean ere goraipatu zuten izan zuen portaera.

 

Aurkariak eta lagunak. Oiartzungo BTT probako lehen hiru sailkatuak, podiumean eta zirkuituan.

 

Benjaminak eta alebinak Azkoitin

Bestalde, Azkoitin jokatu zuten errepideko lasterketan, Elgoibarko Lagun Taldeko hiru txirrindulari igo ziren podiumera. Benjaminetan, Iker Barrueta eibartarra, eta Alebinetan, June Iraolagoitia mendaroarra  eta Irati Ansola elgoibartarra.