Herri kirolek estimazio handia izan dute Elgoibarren, baina gutxitan egon da gaurkoa moduko lehiak ikusteko aukera, ez baitira ohikoak harri-zulatze demak inguruotan. Bizkaiko mendebaldeko zenbait herritan dirau bizirik kirol honek, han egon ziren mehategietan baitu jatorria. Meategietan lan egiten zuten eran oinarrituta dago kirola. Izan ere, harrietan lehergailuak sartu ahal izateko horrela aritzen ziren meategietan, XIX. mendearen bukaeran eta XX. mendearen lehen herenean. Harri zulatzailearena meategietan zegoen lanbiderik preziatuenetariko bat izaten zen, eta duen zailtasunagatik gainerakoek baino gehiago irabazten zuten egiteko horretan aritzen zirenek.
Denbora jakin batean harri batzuk zulatzean datza kirol hau, eta zulo gehien egiten duen taldea izaten da irabazlea. Kirolari bat altzairuzko barra batekin zuloa egiten aritzen den bitartean, beste batek ura botatzen dio zulora, -edo Elgoibarren egin duten moduan, hauspo batekin haizea botaz garbitzen dute zuloa-, eta hirugarrenak erreleboa ematen dio gero. Elgoibarren jokatu duten txapelketan lau kidez osatutako sei talde aritu dira lehian, ordu erdiko saioan.
Tituluari eutsi dio Burdin Gazteak taldeak
Ortuellako Burdin Gazteak taldeak iaz Markina-Xemeinen lortutako tituluari eutsi dio, Elgoibarren jokoan zegoen Eskal Herriko txapela irabazita. 12 zulo oso egin dituzte eta 48 milimetroko hondarrak. Kabiezes izan da txapeldunorde, iaz moduan, 11 zulo oso eginda. Hirugarren postua Barakaldoko Errekatxo taldearentzat izan da, 10 zulo oso eta 12 milimetroko lanari esker. Aldai Alde taldea sailkatu da laugarren (8 zulo eta 104 milimetro), Piratak taldea bosgarren (8 zulo eta 90 milimetro) eta Gallartarentzat izan da seigarren postua (7 zuo eta 76 milimetro).
Lehia ofizialetik kanpo, Emakumezkoen Harriketarrak taldeko bi kide ere aritu dira harria zulatzen gainerako taldeekin batera. Eguzkiak gogotik jo du plazan, eta beroak zailtasun puntu bat gehiago gehitu dio berez gogorra den kirolari.
Txapelketa, irudietan: