Badira nahikoa meritu, Juan Mugertzak eta Mamo Woldek, kroseko bi ikurrek, Mintxetan duten irudiaren ondoan berea ere izateko. Halaxe izan behar dela uste dute Elgoibarko Udalak eta Mintxeta Atletismo Taldeak, eta aitortza egin diote gaur arratsaldean Mintxetan.
Hunkituta, amaren irudia ikustean
Gaur egun Mintxeta Atletismo Taldean diharduten gazteak entrenatzen ari zirela hasi da jendea inguratzen Juan Mugertzaren eta Mamo Wolderen irudiak dauden ingurura. Hirugarrengo bat zegoen gaur, oihal batek estalia. Belen Azpeitiaren alaba Izaskun Urbietak bistaratu du irudia eta ama zenaren argazkia ikustean ezin izan dio negarrari eutsi, hunkituta. Maddi Arrieta eta June Fernandez musikariek ETSren 'Zurekin batera' abestiaren bertsioa jotzen ari zirela bistaratu dute irudia. Julian Azkue Villar argazkilariak ateratako agazkia da Mintxetan jarri duten Azpeitiarena, hil aurretik atera zuen azken argazkietako bat. Mamo Wolderen argazkia ere berak ateratakoa da. Juan Mugertzarena, berriz, Indalecio Ojanguren argazkilari eibartarrarena da.
Erreferenteak bistaratzearen garrantzia
Aurretik, baina, agintariek ere hartu dute hitza Berdintasun teknikari Mikel Etxanizek aurkeztu duen omenaldi ekitaldian. Elgoibarko alkate Maialen Gurrutxagak esan du kirolean ere garrantzitsua dela berdintasun sustatzea eta erreferenteak bistaratzea, "egon badaudelako, gure aurretik egon diren hainbat emakumek egin duten bide zabaltzaile lanari esker".
Izaskun Urbieta: "Altxor handi bat duzue, segi horrela"
Izaskun Urbietak ere egin du berba. Elgoibarko herriari eta Mintxeta Atletismo Taldeari eskerrak eman dizkio eta amari eginiko omenaldia "ikaragarria eta hunkigarria" iruditu zaizkiola esan du. Belen Azpeitiaren lorpen guztien adierazle "oso oso polita" izateaz gainera, bere amak izugarri eskertuko lukeen aitortza izan dela esan du Urbietak.
Juan Mugertza krosa antolatzen jarraitzera animatu ditu antolatzaileak, "altxor handi bat" dutela esanez. Gogora ekarri du krosaren 75. urteurreneko ospakizunetarako ere etorri zirela Elgoibarrera eta oso gustura egon zirela. "Atletak nola maite dituzuen eta nola zaintzen dituzuen sentitzeko aukera izan genuen, segi horrela!", esan die.
Anekdota bat ere kontatu du, amak atletismoko kontuez ezer gutxi esaten ziela aitortu duen arren. Aurten Olinpiar Jokoak jokatuko diren urtea izanik, Parisekoak, Belen Azpeitiaren kirol lorpen handiena izan zena azpimarratu nahi izan du alabak. 1.500 metroko lasterketan 1972ko Municheko Olinpiar Jokoetara joateko gutxieneko marka lortu zuen arren, Espainiako Federazioak ez ziola utzi joaten azaldu du. "Arrazoiak? amak garaiko egunkari batean irakurri zuen moduan, politikoki beste garai bat zen, emakumea zen eta euskalduna. Beraz, ondorioak zeuok atera", esanez bukatu du solasaldia.
Belen Azpeitiak lotura berezia eduki zuen Elgoibarrekin. Mugertza krosa aldi gehienetan irabazi duen emakumea izateaz gainera, atletismoa laga ostean irakasle lanetan ere aritu zelako Elgoibarko Herri Eskolan, 1980ko hamarkada hasieran.
Gorka Iturriaga: "Detaileak oso ondo zaintzen dituen krosa duzue"
Eusko Jaurlaritzako kirol zuzendari Gorka Iturriagak esan du proba garrantzitsuenek "arima" edukitzen dutela, eta horietako bat dela Mugertza krosa. "Izugarrizko maila izateaz gainera, detaileak ere oso ondo zaintzen dituzte, eta horietako bat ikusten ari gara gaur hemen".
Atletismo zaleez gainera, demokraziatik hona Elgoibarko alkate izandako ia guztiak, bizirik daudenak, izan dira Mintxetan: Lucio Beitia, Jose Ignacio Elkoro-Iribe, Guillermo Garate, Jose Maria Oruesagasti, Marivi Agirregomezkorta eta Ane Beitia.
Eta, Juan Mugertzaren familiakoak ere izan dira omenaldian. Bi familiek elkarrekin atera dute argazkia ekitaldiaren amaieran.
Belen Azpeitiari eginiko omenaldia, irudietan