Amurrioko Udalak laguntza kendu dio Aiarako euskarazko komunikabide bakarrari

Barren 2024ko mai. 24a, 09:59

Aiaraldea Komunikabideak eta Amurrioko Udalak 2012. urtetik izenpetua eta indarrean zuten euskara sustatzeko hitzarmena  eten du Udalak, komunikabidetik jakinarazi dutenez, "inolako jakinarazpenik eman gabe eta hitzarmenaren helburuari bizkar emanez". BARREN kide den euskarazko komunikabideen Tokikom elkarteak babesa agertu die.

Aiaraldeko Komunikabideak jakinarazi du 6.000 euroko laguntza kendu diola Amurrioko Udalak. "Gertaera oso larria eta onartezina zaigu, eta egoera bideratzeko eskatzen diogu tokiko erakundeari", adierazi dute. Halaber, gaineratu dute Udalak ez diola erantzun egoeraren larritasuna aztertzeko eginiko bilera eskaerari.

Gogora ekarri dute Aiara eskualdean euskarazko komunikabide bakarra direla, eta Laudio, Urduña, Aiara, Okondo, Artziniega, Orozko, Arrankudiaga-Zollo eta Arakaldoko udalen babesa jasotzen dutela. Halaber, Eusko Jaurlaritzak eta Arabako Foru Aldundiak sustatzen eta finantzatzen dute. Bi erakundeen plan estrategikoetan azpimarratzen da euskarazko komunikabideen garrantzia estrategikoa, baina azaldu dute Amurrioko Udalak ez duela hori kontuan izan.

Komunikabidea "itotzeko saiakera"

Haien esanetan, "inolako jakinarazpenik eman gabe" izan dute erabakiaren berri, eta euskarazko komunikabide bakarra "itotzeko saiakera" dela uste dute. "Euskara biziberritzearen aurka hartu dituen erabakien azken mugarria da", esan dute komunikabidetik.

Hori ikusirik, lau eskaera egin dituzte:

  1. Komunikabidearen eta Udalaren arteko bilera lehenbailehen egin dadila. 
  2. Udalak Aiaraldea Komunikabideari dagokion dirulaguntza publikoa berrezarri diezaiola berehala. 
  3. Euskararen aurkako eraso guztiak eten ditzala Amurrioko Udalak, eta herritarren ekinbidez jaio eta garatzen diren euskara biziberritzeko dinamika eta proiektuak sustengatu ditzala guztionak diren baliabide publikoak erabiliz.
  4. Amurrioko Udalak euskararen biziberritzean oztopo izateari utzi eta, instituzio publikoei dagokien bezala, biziberritze prozesuaren zerbitzura jarri ditzala guztionak diren baliabide publikoak. 

14 urte dira irabazi asmorik gabeko Aiaraldea Komunikabidea hasi zela eskualdearen berri euskaraz ematen eta ahal beste euskarrietan zabaltzen. Komunikabidetik zabaldutako oharrean esan dutenez, herritarren ekinbidetik jaiotako proiektuak eskualdeko udal eta alderdi politiko guztien babesa jaso zuen 2012. urtean, adostasun politiko handiz Saraubeko Mahaian sinatutako hitzarmenaren bidez, hain zuzen ere.

TOKIKOMek babesa agertu dio Aiaraldeari sare sozialetan: "Euskarazko tokiko hedabideetan ezinbestekoa da udalen laguntza, baita Amurriokoarena ere. Goragoko erakundeek moduan, laguntza arrazoitzen da euskara eta gertuko informazioa buzoiz buzoi doan banatzearen singularitateagatik. Ezinbestekoa, tokiko demokraziarako". 

Euskalgintzan aritzen diren hainbat norbanakok eta erakundek salatu dute erakunde publikoaren erabakia eta euskararen kontra erasotzat jo dute. Ikus jaso dituzten babesak aiaraldea.eus-en