Denbora jakin batean harri batzuk zulatzean datza kirol hau, eta zulo gehien egiten duen taldea izaten da irabazlea. Kirolari bat altzairuzko barra batekin zuloa egiten aritzen den bitartean, beste batek ura botatzen dio zulora eta hirugarrenak erreleboa ematen dio gero. Meategietan lan egiten zuten eran oinarrituta dago kirola. Izan ere, harrietan lehergailuak sartu ahal izateko horrela aritzen ziren meategietan, XIX. mendearen bukaeran eta XX. mendearen lehen herenean. Harri zulatzailearena meategietan zegoen lanbiderik preziatuenetariko bat izaten zen, eta duen zailtasunagatik gainerakoek baino gehiago irabazten zuten egiteko horretan aritzen zirenek.
Elgoibarren sei taldek hartuko dute parte: Kabiezes, Alda Aialde, Burdin Gazteak, Errekatxo, Piratak eta Gallarta. Emakumezkoen Harriketarrak taldeak erakustaldia egingo du. Kalegoen plazan izango da, 13:00etatik aurrera.