Halaxe izan behar dela uste dute Elgoibarko Udalak eta Mintxeta Atletismo Taldeak eta aitortza egingo diote atleta bikain honen ibilbideai. Barikuan, maiatzaren 24an, egingo diote omenaldia, 18:30ean Mintxetan. Bere alaba Izaskun Urbietak hartuko du parte omenaldian, eta antxitxikari donostiarraren irudia bistaratuko dute Mammo Woldek eta Juan Mugertzak dutenaren ondoan. Antolatzaileek parte hartzera animatu dituzte herritarrak.
Bere belaunaldiko atletarik onena
Maite ahizpa nagusiaren pausoen atzetik hasi zen atletismoan Belen Azpeitia, eta azkar hasi zen nabarmentzen, 17 urterekin bigarren postua eskuratu baitzuen Espainiako Kros Txapelketan, Koro Fuentes taldekidearen atzetik. Hurrengo lau urteetan berak irabazi zuen Espainiako Kros Txapelketa: 1969, 1970, 1971 eta 1972an. 1970eko hamarkadako lehen urteak bereziki arrakastatsuak izan ziren Belen Azpeitiarentzat. 1971n eta 1972an 800 metroko eta 1.500 metroko Espainiako Txapelketak irabazi zituen. 1971. urtean Europako Txapelkan hartu zuen parte Helsinkin (Finlandia), 1.500 metrotako lasterketan, eta Koro Fuentesek zuen Espainiako errekorra ondu zuen. Euskal Herrian jokatzen ziren lasterketa garrantzitsuenak irabazi zituen urte haietan. Sei alditan irabazi zuen Mugertza krosa, 1968an estreinakoz eta bost urtean jarraian gero (1972, 1973, 1974, 1975 eta 1976). Era berean, Donostian jokatzen zuten Erregetako Nazioarteko Krosean ere palmares izugarria osatu zuen, lasterketa sei urtetan irabazita (1971, 1972, 1973, 1974, 1975 eta 1976)
1976an Montrealgo Olinpiar Jokoetarako prestatzen ari zela min hartu zuen, eta hor amaitu zen bere kirol ibilbidea.