Kopako finalak jokatuko dituzte Salento Gelati eta Alcorta eskubaloi taldeek

Barren 2024ko mai. 20a, 14:53

Salento Gelati eta Aiala Zarautz taldeak elkarrekin, Elgoibarren jokatu zuten Kopako finalerdiaren ostean. Arg: Sanlo EKT

Kopa txapelketak jokatzen ari dira Sanloko hainbat talde, eta horietako bik eskuratu dute finalerako txartela joan den asteburuan.

Kadete nesken mailako Salento Gelatik zaleen aurrean jokatu zuen finalerdia, joan zen zapatuan, Olaizaga kiroldegiko kantxan. Aiala Zarautz taldea izan zuten aurkari, eta erasoko jokoa gailendu zen partida jokatu zuten bi taldeek. Sanloko taldeak irabazi zuen finalerdia, 46-41ko emaitzarekin. Kategoria horretako bigarren finalerdia ere Elgoibarren jokatu zuten egun berean, Zudugarai Orio Eragin eta Lacturale Bera Bera taldeek. Orioarrek lortu zuten finalerako sailkatzea, donostiarrei 25-19 irabazita. Hortaz, Salento Gelatik eta Zudugarai Oriok jokatuko dute Oiartzun Kopako finala. Oraindik ez dago finala jokatzeko egunik izendatuta.


Alcorta, Kopako finalerako sailkatua

Alcorta Forging Group taldeak ere lortu du Kopako finalerako sailkatzea. Senior gizonezkoen Sanloko talde nagusiak bosgarren postuan amaitu zuen Euskal Liga, 31 punturekin. Bi taldek lortu dute igoera fasea jokatzeko sailkatzea, Labarra taberna Pulpo talde zumaiarrak eta Urdanetak. Honenbestez, Alcortak Kopako titulua eskuratuta agurtu nahi du denboraldia. Eta, bide onetik doaz. Lau taldeko ligaxkan, jardunaldi baten faltan lortu dute, matematikoki, Kopako finalerako sailkatzea. Azken jardunaldian 25-34 hartu zuten mendean Tolosa. Ligaxkako azken jardunaldian Saizar Usurbil taldearen bisita jasoko dute elgoibartarrek. Ez dute ezer jokoan izango, sailkapenari dagokionez, baina izango du bere garrantzia partidak. Bi taldeok jokatuko baitute Kopako finala, ekainaren 1ean. Finala jokatu aurretik indarrak neurtzeko norgehiagoka izango da, ahal guztia erakustea komeniko ez den arren, karta guztiak agerian ez jartze aldera.


Lau talde, finalerdietan

Kopa txapelketa gehiago eskuratzeko aukerak dituzte Sanloko talde gehiagok. Izan ere, finalerdiak jokatzeko sailkatuta daude lau talde: Malape Taberna (senior emakumeak), Deuko Izarra (jubenil emak.), Astigarraga GYS Sport (kadete nesk.), eta Urkunde (Kad. mut.)

Kopatik aparte, Pizzeria Salento taldeak ligako lehen garaipena eskuratu zuen aurreko asteburuan, Urolari 29-26 irabazita. Hala, ligako azken jardunaldian lortu dute denboraldiko lehen garaipena.

Astigarraga Gys Sport taldea. Arg: Sanlo EKT.