Elgoibarko Udalak antolatu du zientziaren azoka, Jaurlaritzaren eta Elhuyarrekin lankidetzan, Elgoibarko umeek zientziaren eta teknologiaren arloan lantzen dituzten proiektuak herriari erakusteko, eta baita ere, zientziarekin, teknologiarekin eta berrikuntzarekin lotutako balioak sustatzeko eta kultura zientifikoa handitzeko.
Azoka 11:00etatik 14:00etara egingo dute, eta 30 postu jarriko dituzte Lekueder parkean, Elgoibarko ikastetxeetako ikasleen proiektuekin eta Bizilabe ekimenean parte hartzen duten haurren lanekin. Horrez gain, robotika ikastaroko ikasleen lanen postuak, stand profesionalak eta Lanbide Heziketako ikastetxeen eta unibertsitateen postuak ere egongo dira. Hauek izango dira partaideak: Elgoibar BHI, Elgoibar Ikastola, Elgoibarko Herri Eskola, IMH Campus, Meka LHI, Makina Erremintaren Museoa, Bizilabe, Robotika Dibertigarria, Danobatgroup eta Somabe Makina Bereziak. (ikus iazko zientziaren azoka)
Bizipen zientifikoak aukeran
Bizipen zientifiko desberdinak izango dira aukeran eta HH2tik aurrerako umeek tailerretan parte hartzeko aukera izango dute. Horretarako izena beharko dute informazio gunean, 10:30etik 12:45era.
- TXIKITXOKOA (HH2-HH5): Materia ezberdinez hornitutako bandeja esperimentalak, jolas heuristikoen gunea eta argi mahaiekin esperimentatzeko gela ilun bat egongo dira.
- MEKANISMO ETA MAKINA ERRAZAK (HH5 - LH1): Mugimenduak sortzeko moduak aztertuko dituzte: dantzarien lehiaketa, gimnasio batean pisuak altxatzea, baloia saskiratzea, autoen lasterketa...
- CODING SCHOOL PROGRAMAZIOA (LH1 - LH2): Programatzen ikasteko jolasgunea. Aukeratutako pertsonaiek beren helburura iristeko beharrezko mugimenduak egin beharko dituzte.
- ANIMALIEN LASTERKETA (LH2 - LH3): Animalia batzuk muntatuko dituzte, eta, sentsoreen bidez, mugimenduan jarriko dituzte.
- IKASTETXE BATEKO SUTE BATEN SIMULAZIOA (LH3 - LH4): Eszena landuko dute, eta pertsonaiak eta objektuak programatuko dituzte, sutearen aurrean ikastetxea husteko lanak edo mugimenduak egin ditzaten.
- ERRONKA TEKNOLOGIKOA: ILARGI-EGITURA (LH1 - LH3): Ilargi-egitura bat sortu beharko dute parte-hartzaileek, altuera batetik botatzean, zutik eroriko dena.
- ZIANOTIPIA (LH4 - DBH1): Argazkiak inprimatzeko aspaldiko teknika erabiltzen ikasiko dute.
- HARRAPATU TXINPARTAK (LH1 - LH3): Elektrizitatearekin esperimentatuko dute.
- GINKANA ZIENTIFIKOA Zientzia eta teknologiarekin zerikusia duten hainbat proba gainditu beharko dituzte, ginkanaren hitz ezkutua aurkitu eta garaipena lortzeko.