Elgoibarko museoak zabalik, Museoen Nazioarteko Egunean

Barren 2024ko mai. 16a, 14:39

Hezur Museoa, 2019an inauguratu zuten eguneko argazkian. BARREN

Elgoibarko Udalak bat egin du Museoen Nazioarteko Egunarekin, eta ondorioz, herriko museoak bisitatzeko aukera egongo da zapatuan, maiatzaren 18an, debalde. 

Makina Erremintaren Museoak, Fosil eta Mineralen Museoak (MUFOMI) eta Hezur Museoak hartuko dute parte. 11:00etatik 14:00etara eta 16:30etatik 19:00etara egongo dira zabalik hirurak, eta museoetako langileak prest egongo dira galderak erantzuteko eta informazio orokorra emateko.

Makina Erremintaren Museoak zenbait ekitaldi antolatu ditu zapaturako. Ipar Skate Eskola taldekoek erakustaldia eta skate libre saioaegingo dute museoaren aurrean dagoen skateparkean, 16:30etik 17:30era. Ondoren, 17:30ean, IMH Campuseko ikasle ohia den Ibon Alvarezek hitzaldia emango du, patinete baten diseinua eta fabrikazioaren inguruan. 18:00etan luntxa egingo dute.

1977tik hona ospatzen den Museoen Nazioarteko Egunak, 2024an honako leloa hartu du ardatz: “Museoak Hezkuntza eta Ikerketaren aldeko lanean”. Lelo horrekin museoek gizarteari egiten dioten ekarpen garrantzitsua azpimarratu nahi izan dute.